Koronabirusa dela eta, Leitzako Beatrizenea taberna-jatetxeko Beatriz Zabaletak «beherakada nabarmena» sumatu du lanean: «jendea, normala den bezala, izutu egin da eta atzera egin du», adierazi digu.
Martxoaren erdialdean, konfinamendua indarrean jarri zenetik ekainaren aurreneko astera arte itxita izan zuen negozioa eta irekitzerakoan «lan handirik ez genuela eta, sufritzea tokatu zen». Dena den, «pixkanaka-pixkanaka jendea animatzen hasi eta martxa hartuz joan gara». Horretarako, ordea, egoerara egokitzeko hainbat aldaketa egin behar izan dituzte tabernan eta jatetxean: «kapazitatea eta tarteak errespetatzeko zenbait mahai kendu, gel hidroalkoholikoak han eta hemen jarri, desinfekzioa… Egia esan, egokitzapen dezente izan dira». Baina neurriak hartuta, udan «nahiko ongi» aritu direla kontatu digu, «hori bai, pestarik ez da izan eta hori nabaritu dugu». Bestalde, zorioneko sentitzen da «gastu handiei ez diedalako aurre egin behar, horrek lasaitasuna ematen du».
Etorkizunera begira
Luzera begira kontua «lasaitasunez» hartu nahi badu ere, gaiak kezka sortzen diola onartu digu: «gure inguruan beste gairik ez da. Konfinamenduak direla, positiboak direla…». Bere irudiko, «horrekin bizitzen ohitu beharko dugu eta aurrera egin. Pasako da».
«Aurrera begira, pairatzen ari garen egoera honi buelta ematen laguntzea ere eskertuko genuke»
Ostalaritzaren sektorean ezarritako neurriak «egoerak behartutakoak» iruditzen zaizkio; ez, ordea, neurrigabeak. Hori bai, «zorrotzak» direla dio, «eta ondorioak ere halakoak direla». Horrekin batera, «aurrera begira, pairatzen ari garen egoera honi buelta ematen laguntzea ere eskertuko genuke», gaineratu du. «Nolabait laguntzeko beharraz» aritu da Zabaleta: «egoerak hori ahalbideratzen duenean, ez dakit zuzeneko laguntzak eman beharko diren ala beste era batera. Berriro ere behar bezalako kultur ekitaldiak antolatzeko aukera dagoenean, horren alde egitea eskatuko genuke».
Kontuak kontu, «animo» mezua ere luzatu nahi izan du leitzarrak, «zerua argituko da».