Jendarte justu, parekide eta aske baten alde borrokatzeak batzen gaitu herri mugimenduko eragileok. Jakin badakigu sistema kapitalista, patriarkal eta arrazista honek ez duela inolako erreparorik bere interesekoak ez diren herritarrak bazterrean utzi, zapaldu eta kolpatzeko: produzitzen ez dutenak, deseroso zaizkionak, bere arau sarriegitan injustuak onartzen ez dituenak eta horien kontra egiten dutenak.
Espetxeen papera argia da funtzio horretan: birgizarteratzea bezalako hitz politekin saldu nahi badigute ere, ederki frogatua dago egungo espetxe sistema pertsonak suntsitzeko makina ezin eraginkorragoa dela. Nola ulertu, bestela, azken aldian estatu espainoleko espetxeetan gertatzen ari diren heriotzak? 118 pertsonek, gutxienez, bizia galdu dute azken zortzi hilabeteotan estatuaren ‘zaintzapean’ zeudela. Ez da inolako ardurarik exijitu heriotza horien aurrean. Argi dago bizitza batzuek ez dutela gehiegi balio sistemarentzat.
Zenbaki horien atzean, ordea, pertsonak daude. Arrazoi ez naturalengatik bizitza espetxean galdu duten pertsonak. Hurbilekoengan zauriak eta samina eragin duten heriotzak. Ekidin zitezkeenak. Ez gara nekatuko kartzeletako bizi eta osasun baldintza tamalgarriak salatzeaz, Covid-19arekin are latzago bihurtu direnak gainera. Presoek modu sistematikoan jasotzen dituzten tratu txarrek, laguntza behar eta eskatzen duten presoei arreta ez eskaintzeak eta legea beraien kalterako soilik aplikatzeak harreman zuzena dute heriotza hauekin.
Zenbat gehiago behar dira jendarteak erreakzionatu dezan? Kartzela ez da soluzioa, kartzela arazoa da. Eta askorentzat honezkero beranduegi bada ere, garaia da arazoari aterabidea ematen hasteko. Kartzelarik gabeko mundu bat posible (eta beharrezko) dela sinistuta gaudelako, horrelako gehiago gerta ez daitezen borrokan jarraituko dugu.