Erleta eskolako kontingentzia plana Leitzako errealitatera egokitzeko eskatuz sinadura bilketa abiatu dute gurasoek

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 29a, 17:00

Kontigentzia planean ikasleen beharrak ez direla kontuan hartu uste du Denak Bat Leitzako Erleta eskolako guraso elkarteak eta eskolari babesa adieraztearekin batera, «edozein erabaki hartzerakoan gure seme-alaben eskubide eta beharrak aintzat hartzeko» eskatuz ostiralera bitarte sinadurak bilduko dituzte.

Erleta eskolako guraso elkarteak bere desadostasuna adierazi nahi izan du kontingentzia planean hartutako neurrien harira, «gure seme-alaben beharrak ez direla kontuan hartu uste dugulako». Elkartetik ohar bidez adierazi dutenez, «elkarbizitza talde egonkorrak gelaka egitea, mailaka bi gela nahastuz gero manparak erdian jarri behar izatea,  jolasorduetan gela bakoitza bere espazio zehatz batean mugitu behar izatea edota jantokian gelaka bazkaldu behar izatea» ez zaie bidezkoa iruditzen.

Hainbat galdera ere luzatu dituzte: «zergatik herri mailan muturreko neurriak egoera epidemiologikoak horrela eskatutakoan soilik hartzen dira, eta ikastetxe mailan, berriz, muturreko neurriei eusten zaie egoera edozein delarik ere?, Landa eremuko eskola izan edo hiri eremuko eskola izan, neurri berdinak ezarri behar al dira guztientzat? Non gelditzen da ikastetxearen autonomia? Non gelditzen da ikastetxearen ildo pedagogikoaren lanketa? Nola sortuko dugu komunitaterik indibidualki jokatzeko eskatu behar badiegu gure haurrei? Non gelditzen dira ikasleen interes eta behar emozionalak?».

Hori guztia ikusita abiatu dute sinadura bilketa. «Eskolaren ildo pedagogikoari eta umeen ongizate irizpideei dagokien lekua ematea» eskatu dute, baita «ikastetxeari unean uneko egoera epidemiologikora egokitutako erabakiak hartzeko autonomia aitortzea ere, besteak beste, gela bakarrera mugatutako elkarbizitza talde egonkorrei dagokienez, honek eragin zuzena baitu jangelan eta jolasorduen antolaketan».

Noiz eta non sinatu

Urriaren 2ra arte, ostirala barne, Maimur eta Astiz liburu-dendetan sinatzen ahalko da. Horrez gain, asteazkenean, irailaren 30ean, 08:45etik 09:20ra eta 13:00etan eskolako sarrera eta irteeretan sinadurak bilduko dituzte eta gauza bera eginen dute ostegunean, 08:45etik 09:20ra, 14:00etan eta 16:00etan toki berean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun