Sei hilabete luze pasa dira Bardoak 2020, Nafarroako taldekako bertsolari txapelketa, eten behar izan zenetik Covid-19aren eraginez. Bi finalaurreko eta finala gelditzen ziren jokatzear txapelketari amaiera emateko. Ordurako, Leitzako Atekaberts komeni taldeak eskuratua zuen finalean parte hartzeko txartela, baina beste bi finalistak zeuden argitzeke. Bata, Goizuetako saioan erabakiko da eta bestea Jaunsaratsen.
Goizuetako saioan Lesakako Arranopola eta Malerreka-Baztango Bertsonautak taldeak arituko dira (joaneko saioan Bertsonautek irabazi zuten puntua). Jaunsaratsen berriz Berako Lamixene eta Barañaingo Hego haizea taldeak abestuko dute (beratarrek lortua zuten puntua).
Orain, ia zazpi hilabeteko etenaren ostean, hasitakoa bukatzera itzuliko dira Bardoak. Nafarroako Bertsozale Elkarteak, tokiko antolatzaileekin batera, pandemia egoerak eskatzen dituen segurtasun eta prebentzio neurri guztiak betetzeko konpromisoa hartu du. Aforoak mugatu eginen dira, segurtasun tarteak mantendu, aretoeera sartzeko eskuak garbitu eta musukoa ezinbestekoa izanen da saio guztian zehar.
Goizuetako saioan sarrerak aurrez erosi beharko dira, herriko estankoan. Jaunsaratsen berriz, egunean bertan izanen dira salgai aretoan bertan. Bi kasuetan, 3 euroko salneurria izanen du sarrerak.
Finala urriaren 17an izanen da Lizarrako Ikastolan. Finaleko sarreak irailaren 28an paratuko dira salgai Ikastolan bertan eta www.bertsosarrerak.eus atarian ere.