GUTUNA: «Eskerrik asko»

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 21a, 11:00

Edurne Gomezek attuna Demetriori esker onez artikulu hau idatzi dio.

Nahiz eta bukaera luze honetan esku batekin kontatzeko adina hitz eduki, bukaeraraino zurekin eraman dituzu bi hitz hauek: eskerrik asko. Ez dut sekula ezagutu, attuna Demetrio, zu bezalako pertsona on, zintzo, maitakor, gozo, bakezale eta esker onekorik. Orain, niri tokatzen zait zuri eskerrak ematea. Bai, eskerrik asko attuna zu ezagutzeko aukera emateagatik, nire bizitzaren parte izateagatik eta nahiz eta nire bizitza guztia zure ondoan egon, 3 urte berezitan zu zaintzeko aukera emateagatik. Izan ere, opari bat izan da hainbeste momentu polit zure ondoan bizitzea. Eta noski, ezin eskerrak eman gabe gelditu momentu guzti horiek aurrera eramatea posible egin duen nire senar Enekori. Zuregatik ez balitz, Eneko, ezingo nituen horrelako momentuak bizitu. Eskerrik asko Eneko zure ulermenarengatik eta uneoro nire ondoan egoteagatik.

Eta nola ez, bukaera arte eskerrik asko politte esan zenion zure alaba kuttun Andoneri. Ezin sekula eskertu zuregatik egin duen guztia. A ze oroitzapen polita eduki behar duen beti. Eskerrik asko hainbeste irakasteagatik ama. Oso bide luzea eta gogorra izanda eta egia esan, ez dakit nondik atera duzun horrelako indar eta kemena. Guretzako adibide eta eredu ikaragarri bat zara. Eskerrik asko bihotz-bihotzez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun