Jon Ander BENGOETXEA

«Betidanik argi izan dut ingeniari izan nahi nuela»

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 19a, 11:00
Jon Ander Bengoetxea Lopetegik bost urte daramatza Ingalaterran, Siemens enpresarentzat lanean.

Jon Ander BENGOETXEA LOPETEGI Ingalaterran bizi den leitzarra

Azken bost urteetan Ingalaterran aritu da lanean Leitzako ingeniari aeroespaziala. Telelanean aritzeko eman dioten aukerari esker, Siemens enpresarekin egin duen ibilbideari sorterritik emanen dio segida.

«Erabaki zaila baina ona». Halaxe izan zen Jon Ander Bengoetxea Lopetegik (Leitza, 1993) sorterria utzi eta Ingalaterrara joan zenean hartu zuena. Madrilen izan zen lehendabizi, ingeniaritza aeroespaziala ikasten. Ingalaterrako Cranfield unibertsitatean masterra egin zuen gero; eta azken bost urteetan Leamington Span, Londres ipar-mendebaldean, ari da lanean. Etxetik kanpo ateratzeak «bizitzarekiko dudan perspektiba zabaltzeko» aukera eman dio, pertsonalki eta profesionalki garatzeko. Ingalaterran «oso gustura» dagoen arren, erroak sorterriari lotuak izan ditu beti. Eta orain, Siemensek telelanean aritzeko aukera luzatu dion honetan, ez du Euskal Herrira itzultzeko aukera galduko: «berandu baino lehen han izanen naiz!».  

«Arazoei soluzioak bilatzea gustuko dut»

Leitzarra zara sortzez, baina azken sei urteetan Ingalaterran bizi zara. Noiz eta zer dela eta joan zinen Londresera?
Leamington Span bizi naiz, Londres ipar-mendebaldean, Birmingham eta Oxfordetik bertan. Duela bost urte etorri nintzen, aurreko urtean Masterra Ingalaterrako Cranfield unibertsitatean bukatu ondoren. Erabaki akademikoa eta profesionala izan zen.

Erabakia hartzea zaila izan zen?
Ez da erraza familia, lagunak eta ezagutzen duguna atzean uztea, baina profesionalki erabaki ona iruditzen zitzaidan eta argi neukan errazagoa izanen zela orduan, 20 urte nituen momentuan, beranduago baino. Zailtasun haundiena integrazio kulturala izan zela uste dut. Unibertsitatean mundu guztiko jendea zegoen, eta horrek esperientzia oso berezia bilakatu zuen egonaldia. Euskaldun kuadrilla bat elkartu ginen eta ia dena elkarrekin egiten genuen. Lagun onak gara orain ere eta urtero elkartzen gara Gabonen bueltan. Lanean hasi nintzenean hasi zen benetako integrazioa Ingalaterran, bertako jendearekin harremanak izaten hasi nintzenean. Zailtasun guztien aurrean, denbora da mekanismo bakarra. 

«Erronka handia izan zen baina ez naiz erabakiaz damutu»

Lehendik ere etxetik kanpo ibilia zinen, Madrilen egin baitzenuen gradua… 
Bai, ingeniaritza aeroespaziala ikasi nuen Madrilen. Betidanik argi nuen ingeniari izan nahi nuela, beti gustatu zait teknologia eta bizitzako arazoei soluzioak bilatzea. Gero eta arazo konplexuagoa hobe. Eta beste ingeniaritza interesgarri asko badaude ere, aeroespaziala berezia zela iruditzen zitzaidan, teknologikoki lantzaren punta. Anglosaxoiek, zerbait ez dela zaila adierazteko 'ez da koheteen zientzia' esan ohi dute. Baina, niri beti gustatu izan zaizkit gauza zailak!

Ingeniari aeroespaziala zara baina zuk telekomunikazioak eta informatika ere begiz joak zenituen... 
Telekomunikazioek eta informatikak ere, oso arlo konplexuak diren arren, garai hartan gertuago nituen edo ezagunagoak ziruditen. Ingieniaritza aeroespaziala, berriz, exotikoagoa eta ezezagunagoa zen niretzat. Erronka polita zirudien, horren aldeko apustua egin nuen eta ez naiz damutu.

«Ikaragarria da inguruak pertsonengan duen eragina»

Zertan aldatu zen zure egunerokoa Euskal Herritik Madrilera? Eta zertan aldatu da Ingalaterran zaudenetik?
Gaztea nintzenean, Leitzan oso bizitza lasaia neraman: lagunak, kirola, bideojokoak, azterketetarako ikasi eta tarteka parranda egin. Madrilera joan nintzenean, beste mundu batera iristea bezala izan zen. 17 urte ez nituen bete oraindik, eta Leitzako parranda asko gustatzen zaidan arren, Madridekoa beste dimentsio batean zegoen. Ia egunero jende gehiago ezagutzen nuen, eta lagunak egiten nituen. Unibertsitateko taldean kirola egiten jarraitu nuen... Eta, ikasketak dezente gogortu ziren, noski. Ingalaterran lanean nagoenetik, bizitza asko lasaitu da, batez ere, ikasketak bukatu ondoren. Egia esan ez dut azterketa bat bukatu eta hurrengoan pentsatzearen falta sumatu!

Siemensen ari zara lanean. Zer da zehazki enpresan egiten duzuena? Eta prozesu horretan, zein da zure ardura? 
Gure enpresak gas turbinak saltzen eta mantentzen ditu mundu osoan. Turbina hauek hegazkinetan erabiltzeko diseinatu ziren, baina gaur egungure bezeroek elektrizitatea sortzeko edo gas naturala atera eta leku batetik bestera mugitzeko erabiltzen dituzte. Nire taldeak urruneko monitorizazioan eta errendimendu analisian egiten du lan. Turbina hauek ehunka sentsore dituzte datuak jasotzen: presioak, tenperaturak, abiadurak, bibrazioa... Nire lana, alde batetik, logikak diseinatzea da, logika horien bidez arazoak atzeman eta diagnostikatzeko. Hitz gutxitan, egunero, orduro eta automatikoki piezak errebisatzea da nire egitekoa, medikuarenera joaten garenean egiten gaituzten bezala. Eta bestetik, diseinatutako logika horietan arazoren bat agertzen bada, laguntza teknikoa eman behar izaten diet  beste talde edo bezeroei, ahalik eta azkarren erabaki bat hartu ahal izateko. Bezeroek denbora galtzea saihestuz gero, diru asko aurrezten ahal dute eta.

Ingalaterratik Euskal Herrira begira

Koronabirusak mundu osoan eta lan arlo guztietan izan du eragina. Gehiago edo gutxiago, modu batera edo bestera, aldaketak gertatu dira enpresetan. 
Londres ipar-mendebaldean, Leamington Span, dago Jon Ander Bengoetxea Lopetegi, lanbidez ingeniari aeroespaziala den leitzarra. Siemensen ari da lanean, elektrizitatea sortzeko edo gas naturala atera eta leku batetik bestera mugitzeko turbinak diseinatzen. Hain zuzen, turbina horientzako logikak diseinatu eta programatu eta bezeroei laguntza teknikoa ematen die.
Kontatu digunez, eguneroko lanean «ondorio handirik sumatu ez» duen arren, beste alorretan bezala, izan da aldaketarik eta «bezero asko kostuak murriztu nahian» dabiltza orain.

Telelana «geroz eta normalizatuago»

Otsailaz geroztik etxetik ari da lanean eta, lehendik ere Ingalaterran telelana «normalizatua» zegoen  arren, «koronabirusak prozesua azkartu» duela aitortu du. 
Lan egiteko modua aldatzearekin, sorterrira buelta burutan zerabilkien leitzarrak baina «egoera normaltasunera bueltatzeko zain» zegoen: «herrira bueltatu eta handik lan egiteko aukeran pentsatzen nuen...». Orain, enpresak aukera eman dionez gero, Euskal Herrira begira hasia da.
Nahiz eta Euskal Herrian «inguruko leku askorekin konparatuta industrian aukera onak izan badiren», ezaguna eta gustuko duenarekin segitzeko eskua luzatu diote. Eta, horri esker, «gertu» ikusten du etxera buelta. 

Lanetik kanpo, zer nolako bizimodua daramazu?
Ia egunero kirola egitea gustatzen zait, goizez lan egiten dut eta ia mugimendurik gabeko lana denez, hori orekatu eta deskonektatzeko modua da... Sukaldean aritzea ere gustuko dut eta, tarteka, jatetxeak probatzea. Aspertuta nagoenean, bideojokoei denbora dezente eskaintzen diet, beti gustuko izan ditut... Eta, oporrak ditudanean bidaiatzea ere gustatzen zait, hau baino leku bero eta lehorragoren batera ahal bada. 

Etxetik ateratzearekin asko ikasten da… Zure kasuan, zer eman dizu esperientzia honek pertsonalki eta profesionalki?
Aldaketa handiena bizitzarekiko dudan perspektiba zabaltzea izan da. Txikitan, ideia asko ontzat edo txartzat ematen ditugu, hori delako inguruan ikusten duguna. Ikaragarria da inguruak pertsonengan duen eragina, edozein lekutan. Askotan ez ditugu gure iritzi edo baloreak zalantzan jartzen, baina ez gara konturatzen gu geu ere, munduaren beste puntan jaio bagina, ez ginatekeela garena izanen. Kanpoan bizitzeak eta hainbat tokitako jendearekin hitz egiteak, zentzu horretan, asko aldatu nau. Askoz errazago egiten zait orain ikuspuntuak ulertu eta errespetatzea, edozein arlotan, hobeto ulertzen dudalako pertsonen ingurua.

Urte saila pasatu dira joan zarenetik, dena den, Euskal Herrira bueltatzeko asmoa hor dago… Etxean bezala inon ez?
Hala da, bai. Euskal Herria sekulako lekua da bizitzeko objektiboki, mila arrazoirengatik. Horrelako hainbat leku badaude munduan. Baina niretzat etxea da, eta hori da gakoa. Ingalaterran oso gustura nago eta beti hala egon izan naiz, baina ni ez naiz hemengoa azken finean. Familia, txikitako lagunak eta nire erroak Euskal Herrian daude. 

«Ingalaterran oso gustura egon naiz baina ni ez naiz hemengoa»

Kanpoan bizi zaren urteetan zenbatero bueltatu zara herrira?
Urtean bi aldiz, Gabonetan eta udan. Izan ditudan egun libreekin ez da erraza izan nahi bezainbestetan etxera bueltatzea eta oporretara beste norabait joatea! Madrilen nengoenean ere, urtean bi edo hiru aldiz bueltatzen nintzen... Urtean zehar oso gustura negoen eta, egia esan, Madrilen unibertsitateko ikasleen bizitza egitea ikaragarrizko esperientzia zen adin horrekin...

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun