Ostiraleko azoka eginen dute bihar Leitzan

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 17a, 18:37
Leitzako plazan eta inguruko kaleetan banatuko dituzte azokako postuak.

Leitzarako ezarri ziren neurri bereziak bihar amaitzen direnez, ostiraletako azoka berriz ere martxan hasiko da. Dena den, azokako postuak plazan eta inguruko kaleetan banatuko dituzte behar diren distantzia eta babes neurriak errespetatzeko.

COVID-19 kasuen ugaritzea zela eta, Nafarroako Gobernuak neurri bereziak hartu zituen Leitzarako irailaren 2tik 17ra bitartean. Tartean, bertan behera gelditu ziren ostiraletako eta larunbatetako azokak. Egoera baretuta, Leitzan ere, Nafarroa osorako irailaren 12an gobernuak ezarri zituen neurri bereziak bete behar dituzte orain. Horretarako, moldaketak egin behar izan dituzte azokaren ohiko antolaketan. Izan ere, gehienez ohiko postu kopuruaren erdia onartuko dute eta jende kopurua mugatu beharko da, beti ere segurtasun tartea mantenduz. Gainera, udaletxeko teilatua moldatzeko lanak ere martxan dira eta plazan espazio gutxiago dago. Horregatik, plaza inguruko kaleetara ere zabalduko dute azoka behar diren distantzia eta babes neurriak errespetatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun