Baikoko pilotari gehienek jarrera aldatzeko eskatu diote enpresari

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 16a, 13:00
Argazkia: Tolosaldeko Ataria.

Baiko enpresako 18 pilotarik, eta horien artean, Oinatz Bengoetxea leitzarrak, Tolosan agerraldia egin dute eta adierazi dutenez, «tratu bera jasotzen jarraitzen badugu, neurri zorrotzagoak hartu beharko ditugu». Horri lotuta, «mobilizazio bat egiteko aukera» mahai gainean paratu dute.

Inoiz ikusi gabeko irudia eman zuten Baiko enpresako pilotariek atzo Tolosako Beotibar pilotalekuan egindako prentsaurrekoan. Kritiko mintzatu ziren enpresarekin, egoera «jasanezina» dela adierazteraino. Enpresarekiko jarrera «beti irekia eta elkarlanekoa» izan dutela nabarmendu zuten, solas egiteko prest izan direla, baina azkenean, egoerak «beti ezkutuan egon den egoera publikoki azaltzera» eraman ditu.

Enpresako pilotari gehienak bildu ziren atzoko agerraldian, eta horien artean, Oinatz Bengoetxea leitzarra. Berak leitu zuen 18 pilotarik sinatu duten agiria. Enpresak Asegarce izateari utzi eta Baiko izena hartu zuenean eta «Jose Ramon Garai zuzendariaren izendapenarekin» hasi omen ziren «aurretik ezagutu gabeko egoera jasaten». Garairekin izandako elkarrizketak «zailak» izan direla aipatu zuten, eta tartean «errespetu falta garbiak» ere izan direla.

«Elkarrizketak zailak izan dira eta tartean errespetu falta garbiak izan dira»

«Pilotari guztiak Bilbon eta Besainen entrenatzera behartu» zituztela adierazi zuten, «etxetik entrenamenduetara joateko 50 kilometrotik gora egitean diru ordaina jasoko genuela esan ziguten baina diru hori ez dugu jaso». Diru kontu gehiago ere aipatu zituzten: «badira urtean 23.000 euro gordinetik beherako kontratuak dituzte kideak. Kontuan hartzen badugu autoaren, gasolinaren, takoen materialen eta fisioterapeutaren gastuak 10.000 eurokoak direla, zer soldata gelditzen da pilotarientzat?». Gisa berean, «pilotarien eta prentsaren arteko harremanak debekatu» izana kritikatu zuten: «hedabide publiko bati adierazpenik ez egiteko klausula sinatua dugu».

«Guztia enpresaren mendekua izan da, ERTEtik ateratzeko negoziazioetan gertatu zen guztia dela eta».

Martxotik honat egoerak «okerrera» egin duela azaldu zuten, enpresak aldi baterako erregulazioa eskatu zuenean. Onartu egin zuten, baina azaldu zutenez, enpresak ez zien erakutsi txostena. Abokatu bat kontratatu eta idazki bat bidali omen zioten enpresari, baina erantzunik jaso gabe gelditu zirela kontatu zuten. Sinatzaileek kolektibo gisa negoziatu nahi izan zutela ere azaldu zuten, baina enpresatik pilotariei banaka deitzearen aldeko apustua egin zuten. Hain zuzen, sinatzaileen irudiko, ERTEtik ateratzeko banakako negoziaketak ez onartzearen ondorioz etorri ziren kaleratzeak: «Eskirozi eta Victorri kirolez kanpoko arrazoiengatik ez diete kontratua berritu, ustez egoera ekonomiko zailagatik, baina garai berean diru kopuru handiko kontratuak sinatu dira». Iker Arretxe ere gogoan izan zuten: «Iker Arretxeri partida bat amaitu ondotik, frontoiko atean bertan jakinarazi zioten ez ziotela kontratua berrituko. Hori al da pilotan horrenbeste urte daramatzan pilotari batek merezi duen tratua?».

 

«Tratu bera jasotzen jarraitzen badugu neurri zorrotzagoak hartu beharko ditugu, hala nola, mobilizazio bat egiteko aukera».

Atzo bildutako pilotariek argi dute «hori guztia enpresaren mendekua»  dela, «ERTEtik ateratzeko negoziazioetan gertatu zen guztia dela eta». Eta egoera ikusita «jarrera aldatzeko» eskatu diote Jose Ramon Garai enpresako zuzendari nagusiari, baita «hartutako zenbait erabaki birplanteatzeko» ere. Halakorik gertatzen ez bada eta «tratu bera jasotzen jarraitzen badugu, neurri zorrotzagoak hartu beharko ditugu, hala nola, mobilizazio bat egiteko aukera». Pilotari profesionalen elkarte bat sortzeko asmoaz ere aritu ziren, «egungo pilotariak eta datozen urteetan etorriko direnak babesteko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun