Demetrio Salbarredi hil omen da, zabaldu da Leitzako herrian. Aspaldixkotik osota erretiratua bizi baitzen, bere Mikone-Bordatxuri bihotzekoan. Nola isildu, hirulau hitz esan gabe. Barkatuko al naute, nik baino askoz hobeki ezagutu eta tratatu dutenek.
Ez, ez da erraza haren arimaren alderdi guziak hemen azaltzea, baina, deus baino lehen esanen nuke nik, ezagutu dudan abertzalerik finena, maitagarriena eta erromantikoena izan dela Leitzan. Zenbat oroipen xalo, zenbat, ikastola, txistu, euskal dantza, mendigoizale, erromeria, aberri egun… elkarrekin bizi izandakoak huts-hutsik!
Hara eta hona txistulari talde gaxtearekin ibili zeneko garai hartan ezagutu nuen nik aurreneko aldiz, beste askoren artean, bere seme-alaba Andone eta Jokin ere tarteko genituela: Saldiasera, Ezkurrara, Eratsunera, Santa Garazi Uitzikora, Betelura, Aralarko Aberri Egun haundira, Urkizuko txabola… Gero, Karrapeko taberna Guraso Elkarteak erabili zuenean ere, ikustekoa izaten zen gizon hark jartzen zuen enpeinua, gure txistuari esker, plazako txikiei igandero Ingurutxoa dantza arazten.
Eta nork ez daki Leitzan nola emozionatzen zen gure gizona, ederrago beharrez, bere ohiko hizkera ahazteraino, Garaikoetxea ikustean edozein hitzaldi edo mitinetan. EAJ erbibitu zenean, pena haundiz bazen ere, Garaiko zale amorratua bihurtu baitzen. Oi Danboliñeneko leihopean beti tente egoten zen ikurriña hark hitz eginen balu!...
Beste pena haundia, ETAren eraginez sartu omen ziguten ziriarena izaten zuen: zorioneko hatxearena. Oraindik sasoiko zela istripuz hil zitzaion seme Iñakirekin ere oso harro zegoen, herriko ekintza abertzale guzietan burubelarri zebilela ikustean. Karlos Gazteluren ondotik AURRERA K.E.ko buru izan zen bolada luzean, batik bat. Atzenerako Lehendakari deitzen bai genion. Beti fin eta errespetuz, baina bai, zorioneko politika, maiz aita-semeen arteko ezbai.
Euskarazaintzakoa ere izana baitzen gure Demetrio erromantikoa. Pentsa! Niri ere bidaltzen zidan urteroko aldizkaria eta; baita Txomin Iakakortexarena apaiza berastegiar trebeak idatzi zituen lan guziak ere: gure odol RH- garbiari buruzkoak eta erlezaintzaz idatzi zituen bi liburu mardulak, besteak beste. Oi zeinen xaloak biraorik gabeko gure euskara xahar jator hartaz seko maitemindurik dauden xaharrok! Lekutan gelditzen ari zaizkigu, lekutan gelditzen ari zaizkigunez!
Seme Iñaki aipatu dizut lehen. Eta haren hiletan Leitzako eliz tarian ozenki eta goraki esan zituen agur hitzak dauzkat gogoan oraindik, beren oihartzun sarkor eta guzi, gorputza kanposantura abieran zutela : «Egun Aundirarte, Iñaki!». Bai, hara ailegatu zure Egun Haundia ere, Demetrio, gaxte galdu haien gidari erromantiko izan zinen artzain xalo ezin hobea, zu. Seguru pozik eta airoso besarkatu duzuela gaur aita-semeak, batere elkarren eragozpen politikorik gabe, zeuen arima abertzalea onenera bildurik. Nere doluminik bihotzekoenak familia guziari, eta bereziki seme alabei: Andone, Nekane eta Jokin.