Leitzako Udalak PCR emaitzak jasotzen dituenean balorazioa eginen duela adierazi du

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 7a, 19:30

Bihar arratsaldera arte ez dituzte PCR guztien emaitzak jasoko.

Herritarrei proben emaitzak iristen hasi zaizkien arren, bihar arratsaldera arte ez dituztela emaitza guztiak izanen gaineratu du.

Asteburuan 15 urteko herritarrei PCR probak egiten aritu dira Leitzan. Udalak deitutako herritarren %75ak parte hartu du deialdian, guztira 1.882 lagunek. Izan duten jarreragatik, udalak langile eta boluntarioei eskerrak eman dizkie eta «arduraz eta elkartasunez» jokatu dutela nabarmendu du.

Parte hartutako kopuru hori azken egunetan Leitzako Osasun Etxean egindako probak gehituz (positibo izan direnak eta horiekin harremanetan egon direnak) 180 lagun gehiagok parte hartu dute. Hortaz, azken egunetan PCR probak egin dituzten leitzarrak %80a baino gehiago izan dira.

Ordu gutxiz proba asko egin dituzte kiroldegian, baina antolatze lanei esker, «modu seguruan eta azkarrean» egin direla adierazi dute: «hitzordu bidezko sistemak, zirkuituak, azkartasunak eta boluntario eta langile kopuru handia lanean izateak egoera erraztu du».

Emaitzak

Dagoeneko herritar batzuri emaitzak ailegatu zaizkien arren, bihar arratsaldera arte ez dituzte denak jasoko. Hala ere, bahetze orokorraren emaitzak jasotzerakoan, udalak balorazioa eginen duela nabarmendu du.

Azkenik, asteburuan Leitzan egin den «auzolan erraldoian» parte hartu duten guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie: «Osasunbideako langile, udal langile, kiroldegiko langile, suhiltzaile bolutario eta gainontzeko boluntario guztiei».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun