Positiboak ugaritzen ari direnez, Leitzako osasun etxean birusaren hedapenari jarraipen estua egiten ari dira

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 27a, 16:17

Leitzan egindako PCR probetan «positiboak ugaritzen» ari direla adierazi dute.

Sukarra, eztula, arnasa hartzeko zailtasuna, usaimena eta dastamena galtzea, beherakoa, giharretako mina, ezohiko eztarriko nahiz buruko mina edo antzeko sintomak dituztenei; edota kutsatuta dagoen pertsonaren batekin 15 minutu baino gehiago egon direnei (bi metro baino hurbilago eta babes neurririk gabe) osasun etxera deitzeko eskatu diete.

Leitzako osasun etxean egindako PCR probetan positiboak «ugaritzen» ari direla ikusi dute eta adierazi dutenez, «gehienak aisialdi, lagunarte eta familia giroan» antzeman dituzte. Hori horrela, dagokion protokoloa martxan paratu dute eta «birusaren jarraipen estua» egiteko lanean ari dira.

Hala, sintomak dituztenei (sukarra, eztula, arnasa hartzeko zailtasuna, usaimena eta dastamena galtzea, beherakoa, giharretako mina, ezohiko eztarriko nahiz buruko mina) edota kutsatuta dagoen norbaitekin hurbileko kontaktua izan dutenei (bi metro baino hurbilago eta babes neurririk gabe) osasun etxera deitzeko deia egin diete: «PCR proba egin behar duten erabakitzeko». Goizeko lehenbiziko orduan deitzeko eskatu dute: «lana ongi antolatu eta egin dezan». Kontsulta itxita dagoen kasuetan 948 29 02 90 telefonora edo 112ra (premiazkoa bada) deitzeko adierazi dute.

Horrekin batera, «birusa ez dela desagertu» argitu dute: «osasuna eta segurtasuna bermatzeko orain arte ezarri diren neurriak eta eman diren gomendioak zorrotz betetzen jarraitu behar dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun