ARTXIBOTIK

Artikutzan San Agustin Egunean ateratako argazkiak

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 28a, 07:30

Covid-19ak dena hankaz goiti utzi ez balu, gaurko egunez, besta eguna izanen litzateke Artikutzan. Abuztuaren 28a, San Agustin Eguna, jendetzaren topagune izan ohi baita Goizuetako lurretan dagoen txokoa. Goizuetar, lesakar, aranztar, oiartzuar eta bertze herri aunitzetako herritarrak erakartzen dituen besta egun horren faltan, hona hemen aitzineko urteetako argazkiak.

Goizuetako lurretan dago Artikutza, baina Donostiako Udalak 1919an erosi zuen. Hain zuzen, aste honetan jakinarazi du Donostiako Udalak pandemia dela eta, bertan behera utzi duela urtero San Agustin Egunean Artikutzan libreki sartzeko ematen duen baimena. San Agustin egunean bakarrik sartu ahal izaten da Artikutzan baimen ofizialik gabe, baina, aurtengoan, urteko egun arrunt batean dauden baldintza berberak bete beharko dira: gehienez 25 ibilgailu eguneko.

Horrekin batera, Donostiako Udaletik adierazi dutenez, «Artikutzan sartzeko baimena duten bisitariek ezin izanen dute 10 lagun baino gehiagoko taldetan bildu, musukoarekin ibili beharko dute, elkarren arteko distantzia errespetatu eta eskuak garbitu». Hala ere, emandako abisuari kasurik ez egin eta Artikutzan baimenik gabe jendetza elkartuko balitz, «Foruzaingoari laguntza eskatzea aurreikusia» dutela gaineratu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun