MIKEL BARAIBAR

«Aurten ez bada ere 13. mendi martxa noizbait egingo da»

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 7a, 20:00
Mikel Ulizarko kaxkoa seinalatuz, ibilbideko lehenbiziko tontorra. Argazkia: Ana Goñi

Mikel BARAIBAR 
Aresoko mendi taldeko kidea

2007an antolatu zuten lehenbizikoz Aresoko Mendi Martxa eta azken edizioetan 400 mendizale inguru bildu ditu hitzorduak. Aurtengo edizioa bertan behera utzi behar izan dute.

Iraileko aurreneko igandea egun seinalatua izan ohi da aresoarrentzat. Lanerako eguna izaten da askorentzat, baina gustuko lanarena. Harrotasunez ikusten baitute urtero herria mendizalez nola betetzen den.  Eguraldi txarrak lortu ez duena, COVID-19ak lortu du eta bertan behera utzi behar izan dute aurtengoa; hamahirugarrena izan behar zuena. Mikel Baraibar aritu da hasieratik antolakuntza lanetan eta orain arteko bidearen errepasoa egin du TTIPI-TTAPArekin.

Nondik bururatu zitzaizuen mendi martxa bat antolatzeko ideia?

Udaleko kideak ginenok kirol ekitaldiren bat egitea pentsatu genuen eta Mendialdea Kirol Mankomunitateko teknikariekin hitz eginda, mendi martxa edo antzeko ekitaldiren bat egitea gomendatu ziguten. Igor zen orduan kirol kontuez arduratzen zen zinegotzia eta  mendirako afizioa duen Migel Angel Gereño herritarrari eskatu zion ibilbidea osatzeko laguntza. Hortik hasi eta pixkanaka guztia forma hartzen joan zen. 

Gogoan duzu aurreneko edizioa?

Bai,noski. Oso eguraldi txarra egin zuen eta laurogei bat pertsona etorri ziren. Hasiberriak ginen eta orduan ez genekien  kopuru horrek arrakasta izan zuela esan nahi zuen edo ez.

400 mendizale baino gehiago elkartu izan dira gerora.

Bai eta hori pentsaezina zen hasieran. Ahoz ahokoak indar handia izan du, urtero festa polita izan delako herrian eta horrek jendea erakartzen du. Baina salto handiena  gure mendi martxa Nafarroako mendi ibilbideen zirkuitoan sartu zenean eman zen. Federatuta dauden mendizale askok zirkuitu horren parte diren martxa guztiak egiten dituzte eta horrek bultzada handia eman zion. 

«400 mendizale baino gehiago elkartu izan dira»

Espero zenuten halakorik?

Urte batean gogoan dut aparkalekuak ez genituela prestatuak eta hura eromen bat izan zela. Bidea kolapsatu zen, mendi bideetatik barna atera behar izan zuten batzuk. Arituz ikasten da eta urtetako esperientzia ez dugu alperrik.

Herritarren inplikazioa beharrezkoa izanen da halako zerbait antolatzeko.

Nik uste arrakasta handiena horixe dela. Ez dakit zenbat bolondres izango diren zehazki baina 50 inguru bai. Herri ttiki hauetan horrelako lan bat egitea handia da. Baina, gero, Aresoko Mendi Martxako kamiseta nonahi ikusten dugu eta guretzat hori  polita da oso. Ikusten duzu herrian egiten den zerbait zabaltzen dela eta jendea nonahitik etortzen dela, ibilbidea gustatzen zaiela eta askok errepikatu egiten dutela. Badira lehenengotik hasi eta sekula hutsik egin ez dutenak . Hori ere pozgarria da.

«50 bat herritar aritzen gara mendi martxa antolatzen»

Ibilbidea goraipatzen dute parte hartzaileetako askok.

Polita da oso, denentzako modukoa. Bueltan bueltan herria inguratuz doaz mendizaleak eta inguruko kaxko gehienak ezagutzeko aukera dute. Hogeita bat kilometroko ibilbidea da Ulizar, Urkita, Pagozelai eta Guratzen barna egiten dena; herriko plazatik hasi eta bertan bukatuz. Bakoitzak bere neurria harrapatzen du. Batzuk igoko dira Urkitara, besteak ez. Batzuk lasterka egingo dute, besteak patxadan. Azkenean buelta bat eman, eguerdiarte polit bat pasa eta gero bazkaritxo batekin bukatzeko aukera ematen zaie etortzen direnei eta giro polita izaten da. Plaza ere halaxekoa dugu herrian eta eguraldiak laguntzen badu egun polita ateratzen da.

Aurtengoan ez da egiterik izan.

Nik uste ez zela oso koherentea horrelako ekitaldi bat antolatzea. Inguruan ikusten den egoerarekin eta orain arte hartu diren erabakiekin. Inguruan antolatzen diren mendi lasterketa guztiak bertan behera gelditu dira. Gure kasuan, gainera, herrian urte osoan jende gehien biltzen den eguna izaten da; festarik ez da egin,  jendea elkartzea ahalbidetuko zuen bestelako ekitaldirik ere ez eta mendi martxa antolatzeak ez zuen zentzurik. Arrisku hori hartzea debalde… Hala ere, ez egin dudarik, aurten ez bada ere hamahirugarren edizioa noizbait egingo da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun