Latasan Leitzako mendizale bat erreskatatu dute, eskalatzen ari zenean eroritako harritzar batek kolpatu ondotik

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 20a, 16:00
Argazkietan anbulantziak eta erreskate taldekoak lanean. Argazkia: Nafarroako Suhiltzaileak

Istripua gertatu zen inguruaren zailtasunarengatik, erreskate lanetan Nafarroako Suhiltzaileen Erreskate Teknikoko Taldeari beste eskalatzaile batzuek eta anbulantziako langileek lagundu zioten. Ageri denez, istripua eskalatzen ari zirenean gertatu zen, harritzar bat erori eta Leitzako mendizalea kolpatu zuenean.

Istripua asteazken arratsaldean gertatu zen Kaxarnan, Latasako eskalada-eremu ezagun batean. Lagun taldea eskalatzen ari zenean, neurri handiko arroka bat askatu eta belaunean jo zion Leitzako mendizaleari, eta kolpe gogorraz gain zauri sakona eragin zion.

Istripuaren ondorioz eskaladaren erdian gelditu zen zauritua, bere kabuz jaisteko gauza ez zela. Hori dela eta, suhiltzaileen Erreskate Teknikoko Taldekoak bertaratu ziren, erreskatea oso leku aldapatsu eta harritsuan zegoelako eta, horrek, ebakuazioa asko zaildu zuen. Horrela, bada, bi ordu inguruz suhiltzaileen erreskate taldeak, gainerako eskalatzaileen eta bertaratutako anbulantziako langileen laguntzarekin, gogor aritu ziren zauritua jaisteko.

Azkenik, zauriak oso larriak ez ziren arren, zauritua Nafarroako Ospitalera eraman zuten anbulantzian.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun