2.671.724 euroko aurrekontua onartu du Leitzako Udalak

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 6a, 12:00

Leitzako plaza moldatzeko asmoa du udalak, 90.000 euroko inbertsioarekin.

Udaletxeko teilatua zaharberritu eta plaza moldatuko dute, beste zenbait lanen artean

Leitzako Udalak 2020ko aurrekontua onartu du hasiera batez. Egoera zaila izan arren, aurten ere, lortu diren diru-laguntzei esker, hainbat obra eta berrikuntza egin ahalko dituzte herrian. Aurtengo aurrekontua martxoko ohiko batzarrean onartzea aurreikusten bazen ere, Covid-19ak eragindako pandemiak eta alarma egoerak behartuta, Leitzako Udalak prozedura atzeratzea erabaki zuen, krisialdi honen ondorioak aztertu eta aurreikuspenak errealitateari zuhurtziaz egokitzeko asmoz. Honenbestez, abuztuaren 4an, Leitzako Udalaren ez-ohiko batzarrean, 2020ko aurrekontua hasiera batez onartu dute, aho batez.

Leitzako Udalak, 2.617.724 euroko aurrekontua onartu du eta baliabide hauekin, besteak beste, hauek dira aurten bete nahi dituzten helburu nagusiak:

Udaletxeko teilatua zaharberritu: Nafarroako Gobernuaren Tokiko Inbertsioen Programaren (PIL) dirulaguntzaz burutu ahalko dira lan hauek. Leitzako Udalak Iruñeko MALDADIA S.L. enpresari esleitu dio zaharberritze lana 184.084 eurotan (BEZ kanpo). Honela, Nafarroako Gobernuak 137.000 euro bideratuko ditu eta gainerakoa Leitzako Udalaren kontu izanen da. Abuztuaren amaieran lanak hasi eta urte bukaerarako amaitzea espero dute.

Herriko plaza ere moldatuko dute:PDR programaren dirulaguntza baliatuz, 90.000 euro inguruko inbertsioa eginen du Leitzako Udalak herriko plazan, horietatik 50.000 euro lortutako dirulaguntzatik ordainduko dituzte. Zorua berritu, paretak moldatu eta herri-kirolak praktikatzeko markaketak eginen dituzte lurrean, ondarea eta ohiturei bultzadatxoa emateko asmoarekin.

Tokiko garapenari dqagokionez, lehen sektorearentzat laguntzak eta herriko dendarien ekimenak finantzatzeko diru-partidak aurreikusten dituzte.

Kultura arloan, irailetik urte amaiera arte, osasun-krisialdiak ez badu halakorik eragozten, hainbat kultur eta kirol ekitaldi antolatzea aurreikusten du Leitzako Udalak. Era berean, epe honetan Leitzako Herri Aretoa inauguratu eta honen martxa abiatzea da asmoa.

Udalaren zorpetze mailari dagokionez, urtea 700.000 euro inguruko zorrarekin amaitzea espero dute. Azken urteetan obra eta proiektu mardulak gauzatu badituzte ere, lortu diren dirulaguntzei esker, herriaren zorpetze maila urtero txikitzen jarraitu ahal izan dute. Datu gisa aipagarri da proiektu nagusiak finantzatzeko, kostu osoaren % 50a baino gehiagoko dirulaguntzak eskuratu dituztela eta, hori gutxi balitz, azken 6 urteetan Udalaren zorpetzea erdira jaistea lortuko dutela, gutxi gorabehera (2014. urtean 1,3 milioi eurotik gorako zorpetzearekin amaitu zuen Leitzako Udalak).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun