Leitzan eta Goizuetan egindako azpiegitura lanak bisitatu dituzte Nafarroako Gobernuko ordezkariek

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 5a, 14:00

Lurralde kohesiorako Departamentuak 700.000 euro inbertitu ditu Larraun-Leitzaldean tokiko azpiegiturak hobetzeko proiektuetan eta gaur bisitan izan da Bernardo Ciriza kontseilaria

Larraun/Leitzaldeko zortzi herrik eta Ertzilla iturburuko edateko ura tratatzeko estazioak Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jasoko dute, Tokiko Inbertsio Planaren bidez, bertako azpiegiturak hobetzeko lanak gara ditzaten. Zehazki, 700.000 euro baino gehiago jarriko dira hamalau proiektu finantzatzeko; jada 370.000 eurotik gora ordaindu dira, eta 330.000 eurotik gorako ekarpenak egitea falta da, obrak gauzatzen eta bukatzen diren heinean ordainduko baitira.

Nafarroako Lurralde Kohesioko kontseilari Bernardo Ciriza eta Toki Administrazioko eta Despopulazioko zuzendari nagusi Jesús Mª Rodríguez Leitzan eta Goizuetan egindako obra batzuetan izan dira gaur, herri horietako Mikel Zabaleta eta Unai Miranda alkateekin batera, hurrenez hurren.

Leitzan, Udaletxearen estalkia birgaituko da, eta, horretarako, Nafarroako Gobernuak 137.000 euro jarriko ditu, 195.000 euroko (BEZ kanpo) aurrekontutik; gainerakoa Udalak finantzatuko du. Horrez gain, jada bukatutako proiektuen artean, honako hauek daude: udal-zinemaren berrikuntza (279.495 euroko aurrekontua eraikinaren inguratzaile termiko berria gauzatzeko), Amazabal kalearen zoladura eta sareak berritzea (130.010 euroko ekarpena, 210.572 euroko aurrekontutik), argiteria publiko berria (71.815 euro finantzatuta, 128.865 euroko zenbatekotik) eta banda zabalerako sarbide-sareak (46.126 euroko ekarpena, 79.438 euroko inbertsiotik).

Bestalde, Goizuetan, Udaletxea egokitzeko lanak egin dira, pertsona guztiek instalaziora sartzeko aukera izan dezaten. Horrela, igogailu bat eta bainugela irisgarriak jarri dira lehen eta bigarren solairuan, besteak beste. Proiektuaren kostua 95.000 eurokoa da (BEZ sartu gabe), eta Nafarroako Gobernuak 62.000 euro jarriko ditu, eta gainerakoa Udalak finantzatuko du.

Goizuetara egindako bisitan zehar, Tokiko Inbertsio Planaren esparruan burututako beste jarduera batzuk ere ezagutu ditu kontseilariak; hala nola, Gorostin eta Zumarrenea baserrietara joateko bidea konpontzeko egindako lanak eta Espidealdea auzoko auzo-bidearen konponketa, lur-jauzi bat izan baitzuten prezipitazio handien ondorioz. Era horretan, lurrak kendu eta horma bat eraiki dute (29.535 euroko inbertsiotik Gobernuak 25.105 euroko ekarpena egin du). Beste jarduera bat argiteria publikoa berritzea izan da; horrela Nafarroako Gobernuak 37.782 euro jarri ditu, 67.627 euroko kostutik.

Azkenik, atzerako hondeamakina erosteaz gain, haur parkea berritu dute. Gobernuak 50.185 euro jarri ditu guztira 50.371 euroko inbertsiotik.

 

Eskualdean abian diren beste proiektu batzuk

Leitza eta Goizueta herriez gain, tokiko obren proiektuak sustatu dira honako herri hauetan: Arano (Goiko Herria auzoko sareak eta zoladura berritzea, 95.000 euro); Areso (Eskol-Etxeko inguratzaile termikoa hobetzea, 45.000 euro); Azkarate (argiteria publikoa berritzea, 10.000 euro); Basaburua  (Apeztegiberria udal-eraikineko irisgarritasun-lanak, sareak berritzea eta Ihabenen ur-biltegia hornitzea eta berritzea, 134.000 euro).

Halaber, obrak egin dira Betelun (Ipintzako bidea eraikitzea eta Mitxelazenea hegoaldeko zona zolatzea, 77.000 euro), Uztegin (Azkueko eta Belokietako bideak eraikitzea, 5.000 euro) eta Ertzilla Iturburuko Kontsortzioan (Ertzillako iturburuaren hoditeria eta ur-araztegia partzialki berritzea, 105.000 euro).

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun