‘Gozamen egarriz eta erantzukidetasunez” kanpaina abian jarri dute Leitzaldean eta Urumealdean

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 5a, 11:00
Eskualdeko 243 gaztetxok maskara eta botila jaso dute beraien etxeetan.

Hamabi eta hamazazpi urte arteko eskualdeko 243 gaztetxoei esku morea daukan maskara eta ‘Gozamen egarriz’ botila bidali zaie

Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuetako prebentzio zerbitzuak, berdintasun zerbitzuak eta Gozamenez programak “Gozamen egarriz eta erantzukidetasunez” kanpaina jarri dute abian. Covid-19ak eragindako egoera eta aldaketek, herriko festak eta hainbat ekitaldi bertan behera uztea eragin du, horien artean hain arrakastatsua zen ur festa ere (aurtengoa XV. edizioa izango zen). Gozamenezko gauean eta udaran orokorrean gaztetxoek bizitzen dituzten egoerak oso garrantzitsuak izan ohi dira eta aurten tamalez, ezingo dituzte esperimentatu, ez behintzat ohiko moduan.

Testuinguru hori kontutan hartuz, ur festa ordezkatzeko asmoz eta lagun artean elkartzeko aukera badagoela gogoratuz, eskualdeko 12 eta 17 urte bitarteko 243 gaztetxoei gozamenarekin, sexualitatearekin eta erantzukidetasunarekin zerikusia duen material bat bidali zaie gutun bidez etxeetara, bizipen berriak eta ekintza gozagarriak arduraz aurrera eramatea posible dela gogoraraziz. 

Alde batetik, esku morea txertatua daukan maskara bidez “gu zainduz besteak zaintzen ditugu”  ideia eta berdintasuna eta errespetua aldarrikapena egin nahi izan da. Beste alde batetik, osasungarriak eta gozagarriak diren ekintzak egin ahal izateko “Gozamen egarriz” leloa daukan botila eta hiru ideia adierazi nahi izan dira:

1. Zure burua eta zure gorputza maitatzea zure sexualitatea errespetatu eta bizitzeko osagai garrantzitsuena da eta besteekiko errespetua ere garatzen da.

2. Sexualitatearen organo nagusia burmuina da.

3. Sexualitateak ugaltzeko funtzioa izateaz gain, gozatzeko eta komunikatzeko helburuak ere baditu. Eta modu askotara goza daiteke: begiradekin, laztanekin, hitz politekin, musuekin, besarkadekin, kilimekin, olerki batekin, abesti batekin, irribarren batekin, lurrin batekin... Sentitu eta zoriontsu izan!

Amaieran dei egiten zaie gazteei maskara eta botilarekin gozamenezko ekintza bat egiten ari diren argazki bat partekatzera sare sozialetan. @Gozamenez kontua Instagram eta Facebook bidez etiketatzen dutenak sari baten zozketan sartuko dira.

Gozatu udara, zentzuz eta erantzukidetasunez jokatuz!

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun