Leitzan festekin lotutako inolako ekitaldirik ez dela izanen gogorazi dute

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 29a, 10:00
Aurten festarik ez eta heldu den urterako egin dute hitzordua. Argazkia: P. Feo

Udalak eta herriko eragile guztiek batera kaleratu duten oharrean «arduraz jokatzeko» eskaera egin dute.

Leitzako Udalak, Altzadi Leitzako Kultur Elkarteak, Txozna batzordeak, Jubilatuen Elkarteak, Denok Bat eta Amazabal guraso elkarteek eta Aurrerako dantzariek, konpartsak eta txistulariek elkarrekin kaleratu duten oharrean berretsi egin dute abuztuaren 8tik 15era ez dutela inongo ekitaldirik antolatuko. 

Maiatz hondarrean jakinarazi zien festa batzordeak herritarrei Covid-19ak eragindako pandemia zela eta aurtengo Santiburtzio pesten antolaketa bertan behera utziko zutela. Krisialdia ez da bukatu eta argi diote: «lehentasuna, orain, herritarron bizia eta osasuna erdigunean jartzea da».

Gaineratu dute festak antolatzeari utzi badiote ardurazjokatzeko izan dela eta horregatik, «leitzarrei eta gure herrira urtero hurbiltzen zareten bisitari guztiei berdin jokatzeko eskatzen dizuegu».

Hurrengo urterako egin dute hitzordua: «2021eko abuztuaren 10ean plazan elkartu eta ozen oihukatuko dugu Gora Leitzako festak!»

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun