ARITZ ZUBIRI GAMIO

«Kolpe gutxi izatearekin beste ezaugarri batzuk landu behar izan ditut»

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 26a, 11:10
Aritz Zubiri goizuetarra, Aner Zubiri Apezetxea semearekin, Galarretako 50. urteurrenaren txapela jantzi ondotik. Argazkia: Maialen Andres

Aritz ZUBIRI GAMIO, Goizuetako erremontista

Galarreta pilotalekuaren 50. urteurreneko erremonte txapelketa irabazi du Aritz Zubiri Gamiok (Goizueta, 1987), Urrizarekin batera. Profesionaletako bere txapelik garrantzitsuena jantzi du. Uztailaren 18ko finalean erraz hartu zituzten mendean Juanenea eta Endika saldiastarrak.

Hernaniko udaletxeko langilea, Galarretan pilotan… Goizuetan baino denbora gehiago ematen du Aritz Zubirik Hernanin: «Bai, egia esan bai, astelehenetik ostiralera behintzat bai, halere egunero bueltatzen naiz etxera eta asteburuak Goizuetan ematen ditut, noski».

Ttikitan esku pilotan aritutakoa bada ere, Zubirik aipatu digunez, «Hernanin ikasten hasi nintzen garaian, kuadrillako Urtzi Irazusta erremontean aritzen zen afizionatutan eta orduan animatu ninduen probatzera. Ordurako esku pilota utzia nuen, eskuetatik eta ez nintzen ongi ibiltzen, destakatu ere ez genuen egiten eta utzi nuen. Infantil-kadete mailan pilota handixeagoak izaten dira eta izaten da aurrera edo atzera egiteko adina eta orduan utzia nuen».

Erremontea hartu bazuen hartu, ibilbide oparoa egin zuen afizionatuetan, Gravn, Gipuzkoakoa, eta Euskal Herriko txapelketak irabazi baitzituen. 2009ko abenduaren 19an debutatu zuen profesionaletan eta hamaika urte beranduago lortu du bere txapelik handiena, Galarretaren 50. urteurreneko txapelketan: «Txapelketa berezia zen, bai urteurrenagatik, baita konfinamenduaren ondotik jokatu den lehena izan delako ere eta orain arte lortu dudan txapelik inportanteena da, dudarik gabe». Eskaintza ere garbi izan du, «emaztearentzat, bigarren umea espero dugu azarorako eta bera da nire kezka eta pena guztiak aguantatu behar izaten dituena, etxeko martxa eramaten duena».

Aritz Zubiri, finaleko garaipena ospatzen, ondoan Endika duela.

«Txapelketa ere berezia zen eta orain arteko nire txapelik inportanteena izan da»

 

 

 

 

Lehen txapelak 2015ean

Lehendik ere urte polita izan zuen goizuetarrak 2015ean, lehenik promesas txapelketa irabazi baitzuen 2015ean Otaegirekin, Ezkurra II.a eta Labakari irabazita, eta hiru hilabetera promozio txapelketa Ansa II.arekin, Segurola eta Larrañagari gailenduta. 2016an txapelketa nagusian jokatzeko aukera izan zuen, orduan ere Urrizarekin eta finalerdian galdu zuen. 2018ko Sagardoaren txapelketan finalista izan zen Utergarekin eta promozio txapelketan Eloy doneztebarrarekin, baina biak galdu zituen.

Koronabirusaren afera honengatik, pilota munduan erremontea izan zen gelditzen azkena eta hasten lehena ere izan da. Aritz Zubirik Hernaniko udaletxerako lanean segitu zuen konfinamendu garaian, baina erremontea alde batera utzi zuen. «Egunero lanera joaten nintzen Hernanira, baina gainerakoan, mundu guztia bezala, etxetik mugitu gabe».

 

Treparredes-en oinordeko

Esku pilotarekin harreman berezia duen eta hainbat profesional eman dituen herria da Goizueta. Erremontea ez da hain zabaldua, baina Zubiri ez da herriko lehen erremontista profesionala. Garai batean Sutegixarreko Miel Salaberria Treparredes aritu zen, 1950etik 1970era ehunka partida jokatu zuen Urumea eta Euskal Jai pilotalekuetan batez ere. Zubirik ez zuen Treparredes kantxetan ikusteko aukerarik izan, «aditzea bai eta familiako batzuk ezagutzen ditut, baina ez nuen ikusi, Galarretan hasi nintzenerako hila zen». Sareak igotzea ere ez dagoela bere ezaugarrien artean onartu digu, irri artean, goizuetarrak: «Kuadroan kolpe gutxienetakoa duena izanen naiz, ez diot abiadurarik ematen eta pilota ahalik eta gehien eustea da nire ezaugarri nagusia, latoso samarra izatea. Kolpe gutxi izatearekin beste gauza batzuk landu behar izan ditut nahi eta nahi ez, pilota arrimatzen saiatu eta buena asko egin, segi eta segi…».

«Buena asko egiten dut, latosoa izatea da nere ezaugarria, segi eta segi»

Ia hamaika urte bete ditu erremontista profesional moduan. Zubiri erremontista aldatu egin da denbora honetan, «orduan ere kolperik ez nuen, baina orduan baino askoz buena gehiago egiten dut». Baita Aritz pertsona ere, «orain helduxeagoa, orduan ardurarik batere ez, egiten nuen guztia norberarentzako, etxera etorri eta dena egina eta orain, frontoietatik aparte beste ardura batzuk, familia… asko aldatzen da», dio.

Aritz Zubiri, Galarreta pilotalekuan.

 

Koteto eta Urriza aurrean, Lizaso eta Urrutia atzean

Hamaika urte hauetan ezagutu dituen erremontista onenak zein izan diren galdetuta, Goizuetako atzelariak aipatu digunez, «jokatzen hasi nintzenean beharbada Koteto Ezkurraren urte onenak pasatuak ziren, baina oraindik ere ikusten zitzaion zer kategoria zuen, eta erretiratu bitarte hor egon da. Urriza ere, joko oso diferentea izanagatik, bere parean ibili da urte hauetan eta hau ere beti hor dago. Atzelarien artean, ni bezalatsu, kolpe handirik gabekoa zen Lizaso, baina hor goian egoteko baliabide ugari erabili zituen. Kolpeari dagokionez Migel Mari Urrutiak kolpe izugarria zeukan, biolentzia handia ematen zion pilotari. Bakoitza bere estiloan bikainak ziren. Elkarren kontra ikusi nituen eta batek ze kolpea ematen zion pilotari eta besteak dena bueltatzen zuen!».

Barrenetxea IV.arekin ere harreman estua du, elkarrekin debutatu baitzuten eta buruz burukoan bere botillero lanak egitea ere egokitu baitzaio. «afizionatutan ere elkarrekin hasi ginen, elkarrekin debutatu genuen eta erremontearen munduan elkarrekin hazi garela esan daiteke. Urte pila elkarrekin daramatzagu profesionaletan eta frontoitik kanpo ere lagun handiak gara».

«Momentu honetan uste dut enpresa berriak ez diola mesederik egiten erremonteari»

 

Enpresa berria

Konfinamendu garaiak bertzelako berririk ere ekarri dio erremontearen munduari,  tarte horretan enpresa berria ere sortu baita. Zubiriri ez zaio iruditzen horrek momentu honetan mesede handirik egiten dionik modalitateari, «baina batzuentzat aukera bat ere izan daiteke. Bakoitzak bere erabakiak hartzen ditu bere irizpideen arabera eta norberak onena iruditu zaion aukera hartu du».

«Bakoitzak bere erabakiak hartzen ditu bere irizpideen arabera eta norberak onena iruditu zaion aukera hartu du»

Erremontearen egoeraz kezkatuak daude aspaldian, bai pilotazaleak baita pilotariak beraiek ere. Zubirik dioen bezala, «egia da esku pilotarekin konparatuta askoz okerrago dagoela erremontea, egoera txarragoan. Orain arte telebistan ez zela asko ikusten, pilota ez zela ongi ikusten eta bat eta beste… baina orain ikusi da telebistatik segitzeko joko erakargarria dela. Bakoitzari bat edo beste gustatuko zaio, baina erremontea ere ikusgarria da telebistan. Kaskoan kamera jartzeko ideia ere gauzatu da, beharbada garatu behar da, baina hori ere aurrerapen bat da».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun