«Egoera honetan hemengo tokiez gozatzea aholkatuko nuke»

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 5a, 12:00

Begoña Leonet.

Begoña LEONET CLAVER Aranoko bidaiazalea

Bidaiazalea den arren, aurtengo udan herrian eta inguruan ibiliko da Begoña Leonet Claver (Arano, 1969). Izatez, aranoarrarentzat uda ez da bidaiatzeko tenore onena, «jende masifikazioagatik» baina «urteko beste sasoi batean ezin denean berdin antolatzen naiz».

Aurten, ordea, nahiago du etxean gelditu: «lekuak, jendea, ohiturak, kultura… ezagutzea maite dudan arren, egoera ikusita ez dut pentsatzeko tarterik ere hartu…».

«Enpresatik Alemaniara egiten genituen bidaiak bertan behera gelditu zaizkigu»

Horren ordez, alde batean eta bestean lan eginez pasatuko du uda: «astelehenetik ostiralera enpresa bateko finantziazio departamentuan eta aste bukaeretan Donostiako onkologikoan, larrialdietan» ari da eta horrela segituko du. Lanean, baina ez ohiko moduan: «enpresatik Alemaniara egiten genituen bidaiak bertan behera gelditu dira eta ospitalean aurtengo udan ospitalean ez dut oporrik hartuko. Bi lanetan zortzi orduz musukoa erabiltzen dugu, eta gainerako neurriak ere zorrotz betetzen ditugu».

«Batzuk ezer gertatuko ez balitz bezala dabiltza. Jende asko hiltzen ari da eta oso gogorra»

Kanpoan, ordea, ez ditu denak jarrera berarekin ikusten: «batzuk ezer gertatuko ez balitz bezala dabiltza…». Horregatik arduratsuak izateko deia egin du: «jende asko hiltzen ari da eta oso gogorra da. Edadetuak eta gaixoak arriskuan daude, baina besteok ere ez gaude libre».

Egoera ageriko egitearekin batera «kanpora ez joatea» aholkatu du Leonetek. Aukeran, «hemengo toki ikaragarriak ezagutzeko eta gozatzeko» deia egin du. Berak, esaterako, «ahal den neurrian, familia eta lagunekin egoteko, kirola egiteko, zinemara joateko, kontzertuak ikusteko, irakurtzeko, afaltzera edo pintxo potera ateratzeko...» aprobetxatuko du.

«Nik ere bisitatzeko toki asko ditut buruan baina egoera honetan hemengo tokietan ibiliko naiz»

Etorriko dira garai hobeak eta ordurako «bisitatzeko toki asko» ditu buruan: «besteak beste, Nepal eta Japonia bisitatu nahiko nituzke». Eta bisitatu dituen beste asko gomendatuko lituzke: «Panamako Kuna indiarrek eta Australiako aborigenak ezagutzeak merezi du, bereziak dira». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun