Guardia Zibilak Leitzako alkatea «justifikaziorik gabe» salatu zuela baieztatu du epaileak eta estatuko abokatuak

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 23a, 15:30
Udalak nabarmendu duenez, Altsasuko Herriaren Nafarroako Itzulia «behar bezala komunikatua» zegoen.

Guardia Zibilak Mikel Zabaleta Leitzako alkatea salatu zuen, Altsasuko gazteen alde 2018ko martxoaren 10ean Leitzan egindako ekitaldi baten deialdiaren ondorioz.

Egun horietan, Altsasuko Herriaren Nafarroako Itzulia egiten ari ziren, Auzitegi Nazionalak zigortutako zortzi gazte altsasuarren egoera salatzeko.

Leitzako Udalak jakinarazi duenez, «alkateak udalerri horretan egin zen ekitaldiaren inguruko jakinarazpena helarazi zion Gobernu Ordezkaritzari, garaiz eta forman». Guardia Zibilak, ordea, salatu egin zuen, «Altsasuko taldea hainbat udalerritatik egiten ari zen itzuliaren aipamenik ez egiteagatik edo harekin ez lotzeagatik Leitzan egindako ekitaldia». Udalak argitu duenez, «itzuli hura behar bezala komunikatuta zegoen».

Salaketa horren ondorioz, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzak zigor administratiboa ezarri zion Mikel Zabaletari, ustezko arau-hauste arin batengatik. Hiru helegite eta demanda bat aurkeztu ondoren, Estatuko Abokatutzak, «jarrera eutsiezina» ikusita, Leitzako alkateak arrazoi zuela onartu zuen, eta Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegiak epaia eman zuen. Epai horren bidez, aurkeztutako demanda osorik baietsi zuen, «inolako arau-hausterik ez zegoela deklaratuz eta estatua kostuak ordaintzera zigortuz».

2015ean, Guardia Zibilaren beste salaketa baten ondoren, Leitzako alkateak ikertu gisa deklaratu behar izan zuen Auzitegi Nazionalean, eta auzi hura ere artxibatu egin zen, «oinarririk ez zuelako».

Udalak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, «lehenago ere salatu izan da Guardia Zibilak eta Gobernuaren Ordezkaritzak nahita erabiltzen dituztela zigor- eta zehapen-bideak Oinarrizko Eskubideak mugatzeko eta deseroso edo desatsegin zaizkien egintza politikoak eragozteko». Gaineratu dutenez, «Leitzatik atera gabe, dozenaka mila euro kobratu dituzte Guardia Zibilak jarritako era honetako salaketengatik. Zigor horiek, gehienetan, ez dira epaitegietara iristen, salatuei gastu handiak eragiten dizkietelako».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun