«Aurtizko festetan Nerea Sorondorekin» izandako solasaldi baten ondotik hasi zen Itxaso Onsalo Martinikorenaren (Areso, 1989) herri kirol ibilbidea. «Festan mingaina suelto izaten da eta herri kirolak probatzera joan behar genuela hitz egiten aritu ginen». Handik egun batzuetara jaso zuen Sorondoren deia eta «Leire Astiasaran eta biok probatzera joatea erabaki genuen». Probatu eta gustatu. Halaxe izan zen Onsaloren kasua.
Itxaso Onsalok «22-23 urte» izanen zituen herri kiroletan hasi zenean eta dioenez, «sekula ibili gabea nintzen herri kiroletan», baina trontza probatu orduko gustua hartu zion, nahiz eta «hasieran oso gogorra egiten zitzaigun eta ikaragarri sufritzen genuen».
Urteotan trontzan egin da ezagun, «txapelketa asko jokatu eta txapel mordoska irabaziz». Bereziki herri kirol horretan aritu da nahiz eta «denetarik probatutakoa» den: «txingak, harria, harri tiratzea, aizkora… Baina bat hartu eta hura ongi egiten saiatzea hobeki izango zela esan genion geure buruari». Eta halaxe izan zen. Aizkoran ere badabil, baina bereziki trontza du maiteena, «asko» eman dion kirola delako: «Txapelketak irabazteaz gain, lagunak, plazak, emozioak, neure burua gainditzeko aukera, galtzen ikasteko aukera… Asko eman dit». Eta bistakoa da «gustura» segitzen duela.
«Trontzak asko eman dit. Txapelak, lagunak, plazak, emozioak, neure burua gainditzeko aukera, galtzen ikasteko aukera...»
Txapel ugari ditu jantziak trontzan, eta horiek «etxean gordeak eta tabernan jarriak» omen ditu. «Tarteka batzuk galdu» dituela dioen arren, irabazitakoak ez dira gutxi. Ez du gogoan zenbat diren guztira baina «azken urteotan Nafarroako eta Euskal Herrikoak jantzi ditut, Nafarroako mistoa ere bai, eta lehengo urtean, aurreneko aldiz, Zazpi herrialdeen arteko txapelketan parte hartu eta hura ere irabazi genuen».
Uste baino hasiera hobea
Aurreneko txapelketa «azaroan entrenatzen hasi eta Iruñeko sanferminetan» jokatu zuen: «Mugairin entrenatzen ari ginela, Nerea Sorondo eta Amaia Gartzia sanferminetako Nafarroako Arpana Txapelketarako prestatzen ari ziren. Guri ere animatzeko esaten ziguten eta holaxe animatu ginen, gehiegi ohartu gabe plazan azaldu ginen txapelketa jokatzera. Uste baino hobeki egin genuen eta aurrera segitzea erabaki genuen».
Geroztik «asko ikasi» duela dio. Are gehiago, «aldiro gauza berriak ikasten» ari omen da: «teknika, arnasa, gorputza eginez… Pixkanaka-pixkanaka hobetzen ari gara eta urteekin esperientzia ere hartu dugu, baita plazan lasaiago egoten ikasi ere». Izan ere, onartu digu, «oso-oso urduria» dela, baina denborarekin hortan ere egin du aurrera: «orain hobeki daramat urduritasuna baina hasieran gaizki pasatzen nuen. Plazarako urduritasun puntua izatea beti ona da, lasaiegi joatea ere ez da ona, baina dena bere neurrian». Horren harira, saio bakoitzean entrenatzaileen laguntza ere nabarmendu nahi izan du: «entrenatzailea beti ondoan izaten dugu, gu lasaitzeko psikologo lanetan».
«Udako erakustaldiak gustuko»
Txapelketetan ederki moldatzen bada ere, «nahiago» ditu «udako erakustaldiak»: «herriko festetara joan, bertako jendearekin egon, han erakustaldia egin eta otordua… Hori asko gustatzen zait».
Kontuak kontu, txapelketa zein erakustaldi horien guztien atzean, Oronoz-Mugairiko Baztan-Bidasoa Herri Kirol Eskolan egiten dituen entrenamenduak daude, «fisikoa eta teknika lantzen» duten saioak, «iraupen motzeko eta luzeko lanak». Hortik aparte, «mendi buelta batzuk eginez» moldatzen da.
«Pozik gaude erakustaldi gutxi batzuk atera direlako»
Txapelketaz txapelketa eta erakustaldiz erakustaldi pasatu ditu azken urteak Onsalok. Normalean, uda garaia plazaz plaza ibiltzeko garaia izaten dute eta aitortu digunez, «saio asko izaten dituzte. Neska gutxi garenez, erakustaldi asko egiten ditugu». Horren harira ere mintzatu da: «neskak falta direla eta animatzeko» dei eginez. Aurtengo urtea, ordea, ezohikoa izaten ari da. Alde batetik, «hiru hilabetez ezer egin gabe, dena utzita» egon zelako, eta bestetik, «udako ohiko erakustaldi kopururik gabe» gelditu delako. Hala ere, «pozik» mintzo da «erakustaldi gutxi batzuk» atera zaizkielako. Aresoarrak argi utzi du «erakustaldietarako gogoz» dagoela, «plazaz plaza ibiltzea gustuko» dudalako eta «plazak entrenamenduetan motibazio iturri» direlako.
Berak, egoerara egokituz, herri kiroletan segitu nahi du eta ateratzen diren saioetan gozatu nahi du. Eta tartean mendian barna ere ikusiko dugu akaso, inguruan zein kanpoan. Izan ere, «Pirinioetara joatea asko gustatzen zait eta ikusiko dugu ea ateraldiren bat egiten dugun edo ez».