COVID-19: Elkarrizketak

«Etorkizunerako bidea irekia utzi behar diegu gazteei»

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 23a, 18:00

Joxan Ruiz Miner 2019az geroztik da Aranoko alkatea. Argazkia: Oier Ruiz

Joxan RUIZ MINER, Aranoko alkatea.

Umetan bisitaria zenak, sustraiak bertan bota eta aginte-makila hartu zuen 2019ko maiatzean. Urtebeteko ibilbideari errepasoa egin eta dituzten erronkei buruz hitz egin du ttipi-ttaparekin. 

Nola iritsi zara alkate izatera?
Aurreko bi legealditan, Ainhoa alkate zela, alkateorde izan nintzen. Herri txiki hauetan ez da izaten jende asko kargua hartu nahi izaten duenik. Zaila da udaletxeko lanak hartu nahi izatea. Are zailagoa ikusirik hemen belaunaldi bat ia ia galdu zela… badira gazteak, 18 urtera arteko ia hogeita hamar ume. Hemezortzi urtetik hogeita hamar artekorik ez da, ez dago sokari segida emanen dionik adin tarte horretan. Pixka bat hasi genuen proiektuari segida emateko alkatetza hartu nuen. Ari gara gauzak ahalik eta txukunen egiten saiatzen.

Aldaketa handia izan da zuretzat?
Uste baino ardura handiagoa izan da.  Alkateorde nintzela ikusten nuen Ainhoak egiten zuen lana baina behin kargua hartuta, gauza asko daude egiteko eta ardura handia dela iruditzen zait. Herri txikietan gauzak ez dira beti ateratzen batek nahi duen bezala. Baliabide gutxi ditugu eta azpiegitura gutxi, eta hori kudeatu egin behar da, baina lantalde polita sortu dugu Xabi Cueto, Xabier Legarreta, Kontxi Klaber eta Jon Mari Berasainek.

«Ikusten ez den lan asko egin behar izaten da udalean»

Ikusten ez den lan asko dago?
Burokrazia asko dago. Bileretan eta paper artean ordu asko ematen ditugu. Covid-19ak erakutsi digu bilera telematikoak egiten eta ohiturari eusten diogu. Komunikazioa asko hobetu da eta horrek erraztu egiten digu lana.

Azpiegiturak hobetzea izaten da udalen buruhauste handienetakoa.
Dirulaguntzetatik tiraka ari gara. Aurten araztegiaren poriektua dugu martxan, NILSAk eginen diguna. Guk gure partetik saneamendu sarea berritu dugu. Hor sartu ditugu gure diru pixarrak. Kanpotik ikusten ez diren lanak dira, baina beharrezkoak. Nahi genuke frontoi berri bat, estalia... baina eskura dugunari eutsi behar diogu. 

Maisuenea lorpen handia izan zen...
Aurreko legealdian lortu genuen eta behar beharrezko aretoa zen. Hemen ez dugu toki estalirik eta negua luzea da. Behar genuen aterpe bat. 122 biztanletik 25etik gora haurrak dira.

Beraiek dira etorkizuna...
Etorkizunerak bidea irekia utzi behar diegu gazteei. Bertan bizi eta bertan lan egiteko aukerak eskaini. Etxebizitzaren gaia landu beharko dugu, hemen geldi daitezen, lanpostu batzuk sortuz industrialdea aktibatuz, lehenbiziko sektorea indartuz baita turismoa ere. Ea bertan gelditzen zaizkigun eta ez zaigun lehenago gertatutakoa pasatzen. Uste dut orain dela zerbait egiteko momentua. Horrekin batera, ez dugu ahaztu behar adineko pertsonetaz, jubilotekarekin aisialdirako aukera eman diegu herrian. 

Landa eremua bogan dagoela dirudi...
Nabaritu dugu geroz eta bisitari gehiago ditugula. Erreken inguruan jende asko biltzen da eta arazoak ditugu zaborrak biltzen ez dituztenekin. Eskuorriak banatzen aritu gara Goizuetako alkatea eta biok, baina hurrengo egunean ere zaborra agertzen zen ixkinetan. Arazoa landu eta kontzientziazio kanpaina bat egin beharra dugu. Jendea etortzea nahi dugu baina ingurua zainduz.

Garraioa da beste erronketako bat?
Ohituta gaude, urteak direlako ez dugula zerbitzurik. Kotxea behar dugu denerako. Nafarroako Gobernuarekin bilera batzuk egiten hasi ginen Leitza-Hernaniko linea berrituko zela esanez, baina hortan gelditu da. Gure gaztetxoekin ere atzera eta aurrera ibili behar izaten dugu. Goizuetako eskolarako badugu garraio zerbitzua baina Leitzara institutura joateko badakigu jangela eta garraioarekin nahiko komeriekin dabiltzala. Urtebeteko moratoria lortu dute baina gero zer?  Gobernukoek kontuan izan behar dute hemengo errealitatea, kilometro asko egin  behar ditugu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun