Leitza eta Aresoko baserritarren azokak segida izanen du udan

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 23a, 13:00
Leitza eta Aresoko hamabi baserritarrek eramaten dituzte produktuak Leitzako Karrapera.

Uztailaren 25ean, larunbatean, izanen da hurrengo azoka eta abuztuan eta irailean astero egin beharrean hamabostean behin antolatzea erabaki dute. Hortaz, abuztuaren 1ean eta 22an eta irailaren 5ean eta 19an bilduko dira ekoizle eta erosleak Karrapean. Gainera, hilabeteko aurreneko larunbatetan azoka girotzeko ekimenak antolatzen segiko dutela iragarri dute antolatzaileek. 

Maiatzaren 9an egin zuten Leitza eta Aresoko baserritarren aurreneko azoka. Geroztik, larunbatero izan dute ekoizleek eta erosleek hitzordua karrapean Baserritik etxera dinamikari segida emanez. Aldiro ehun pertsona baino gehiago bildu dira azokan, aurretik egindako eskaerak biltzera batzuk eta momentuan bertan erostera besteak.

Ekimen bereziak
Udan ere, segida izanen dute azokek. Uztailaren 25ean izanen da hurrengoa eta abuztuan eta irailean astero egin beharrean hamabostean behin antolatzea erabaki dute. Hortaz, abuztuaren 1ean eta 22an eta irailaren 5ean eta 19an eginen dute. Azokak girotzeko ekimenak antolatzen ere segiko dute. Orain artekoetan, Jakoba Errekondoren kontsultategia eta bertako produktuekin ekoiztutako pintxoak dastatzeko aukera izan dute.

Leitzako eta Aresoko hamabi baserritarrek eramaten dituzte beraien produktuak azokara: barazkiak, lekaleak, etxean prestatutako jakiak, haragiak, esnekiak... nahi duen orok izanen du eskuratzeko aukera karrapean 10:00etatik 12:30era.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun