OSKAR ASTIBIA

«Furgoneta batean gure txokoa eta zerbitzu guztiak eskura ditugu»

Erabiltzailearen aurpegia Babestutako edukia 2020ko uzt. 20a, 17:00

Oskar Astibia Kamperbide enpresako sortzailea.

Aspaldi hasi zen Oskar Astibia furgoneta hartuta bateko eta besteko txokoak ezagutzen. Horrek eman zion bidea zurgin lana garai berrietara egokitu eta furgonetak egokitzen hasteko. Duela sei urte sortu zuen Kamperbide enpresa eta gurpil gainean etxetxoak eraikita bezeroi aske izateko aukera ematen die.

Etxetik heldu zaio Oskarri ofizioa: «nire aitonak gurdiak egiten zituen eta aita zurgina nuen. Aitarekin batera aritu nintzen zurgin eta ebanisteria lanetan 25 urtez». Aitak erretiroa hartu zuenean erabaki zuen afizioa eta ofizioa lotzea: «kanper egokitzapenak egitera ausartu nintzen; nuen esperientzia eta eskura nituen lanabesak erabilita». Furgonetetan lan txikiak egiten hasi zen orduan, baina denborarekin esperientzia hartu eta orain, «lan handiago eta espezializatuagoak» egiten dituela azaldu du.

Aurretiko esperientzia bere alde

Zurgin lanetan zuen esperientzia baliagarri izan zitzaion eta lan egiteko modua ez zuela askorik aldatu behar izan dio: «sukaldeko altzariak etxe batean jarri edo furgoneta batean antzekoa da, formak gehiago ajustatu eta aurrera». Aldaketarik handiena furgonetetan leihoak, sabai-leihoak eta txapa lana egin beharra izan dela gaineratu du, «baina beti izan dut gustuko autogintza mundua eta ederki moldatzen gara».

«Azken lauzpabost urtetan furgoneten boom-a izan da eta hasi nintzenetik beti izan dut lan ugari»

Egindako apustua ongi atera zaiola esan daiteke enpresaren ibilbidea ikusita: «azken lauzpabost urtetan furgoneten boom-a izan da eta hasi nintzenetik beti izan dut lan ugari». Arrakasta horren atzean furgonetarekin bidaiatzeak ematen duen askatasuna dago bere ustez: «urte osoan ateraldiak egiteko aukera ematen du furgonetak eta gainera erosotasunez». Izan ere, ez dute deus falta: «komuna, berogailua, dutxa, ohea, litera, egongela mahaiarekin, sukaldea… dituzte. Zein ez litzateke animatuko horrela bazterrak ikustera?».

Orain ere, lanez lepo dabiltza; furgoneta bateko giltzak eman orduko, bestea hasiz. Gainera erlojuaren kontra ari dira: «oporrak gertu ikusten dituzte eta jendeak atzorako nahi ditu lanak». COVID-19arekin ere gora egin die eskaera kopuruak: «momentu honetan aukera ona da furgoneta batean bidaiatzea, nolabait isolatzeko aukera ematen digulako. Gure txokoa dugu eta behar ditugun zerbitzu guztiak eskura».

«Momentu honetan aukera ona da furgoneta batean bidaiatzea, nolabait isolatzeko aukera ematen digulako»

Zerbitzu horiek osatzeko bezeroen beharretara egokitzen dira: «bezeroa gure lanean interesatuta badago berekin elkartu eta eskatzen duena kontuan izanda aurrekontu pertsonalizatu bat egiten diogu». Ideiak burutik ordenagailura ere eramaten dituzte: «argiago izateko, 3D diseinua ere osatzen dugu, barruko diseinua nola gelditu daitekeen ikusteko».  Segidan armairuetako, zolako, paretetako, sabaiko materialak aukeratzen dituzte «eta hau dena ongi lotua dagoenean egokitzapen pertsonalizatua egiten hasten gara buru belarri».

Funtzionaltasuna eta estetika

Furgoneta modelo guztiekin lan egiten dute baina azken aldian bolumen handiko furgonetetan espezializatu dira. Bakoitzak bere denbora behar duen arren, «bataz beste hilabete inguru behar dugu egokitzapen oso bat egiteko». Jartzen den elementu bakoitza ongi neurtu behar da eta funtzionaltasuna da gakoa: «oso toki txikietan lan egin behar da, kilo kopuru jakin batetik ezin du pasa ibilgailuak eta eskuragarri dugun azken zentimetroak ere garrantzia du». Horrekin batera estetika ere ezin da albo batera utzi, «diseinuak erakargarria izan behar du. Ikusten dutena gustuko dutelako jotzen dute guregana».

Egokitzapena eginda ezin dira zuzenean errepidera atera, guztia legeztatu behar baita «segurtasuna dago jokoan». Horretarako etxe bateko eraikuntza lan batean egiten den bezala proiektu bat aurkeztu behar izaten dute: «egin behar ditugun aldaketa guztiak zehaztu eta laboratorio batera bidaltzen ditugu eta azkenik Ibilgailuen Azterketa Teknikoko zentro batean ikuskatu behar dute gure lana.

«Ahal dugun guztietan, familiarekin edo lagunekin, edozein txoko ezagutzera ateratzen gara ziztu bizian»

Lana albo batera utzi eta bere furgonetarekin bazterrak ezagutzeko tartea ere hartzen du Oskarrek: «ahal dugun guztietan familiarekin edo lagunekin edozein txoko ezagutzera ateratzen gara ziztu bizian». Toki askotan egona dela ere azaldu du eta gustukoena aukeratzeko eskatuta ez du zalantzarik: «Euskal herriko txokoak aipatuko nituzke. Hondartza, mendia, basoak eta basamortuaren kontrasteak dituelako kilometro gutxian».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun