Estu hartu du Jon Rekondok baina finalean izanen da Iker Vicente

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 20a, 18:00
Leitzan igande eguerdian aritu ziren aizkolariaketa harri-jasotzaileak. Ezker-eskuin, Goikoetxe, Vicente, Finol, Rekondo eta Galarraga.

Leitzan igande eguerdian jokatu zen banakako urrezko aizkolari txapelketako finalerdiaz gain, harri-jasotzaileak ere aritu ziren

Banakako urrezko aizkolari txapelketako finalerdietako saioa jokatu zuten igande eguerdian Leitzako Amazabal pilotalekuan. Jon Rekondo leitzarrak Iker Vicente iazko txapelduna izan zuen aurkari eta estu hartu bazuen ere, Otsagabikoa izanen da finalean.

Erlojuaren kontrako proban, 45 ontzako enborra mozten Rekondo Vicente baino bizkorrago ibili zen. Minutu bat eta 21 segundo behar izan zituen leitzarrak eta 34 segundo gehiago Otsagabikoak. Abiadurako proban, 2 minutu eta 39 segundo behar izan zituen Vicentek eta 7 segundo gehiago Rekondok. Hortaz, proba luzea ia minutu erdiko aldearekin hasi zuen Rekondok, baina hemen Vicente garbi gailendu zen. 19 minutu eta 34 segundo behar izan zituen bi kanaerdikoak eta 60 ontzako lau enborrak mozteko eta Rekondok 22 minutu eta 13 segundo. Beraz, denbora guztiak batuta, Iker Vicentek 24 minutu eta 8 segundo behar izan zituen lanak burutzeko eta Jon Rekondok 26 minutu eta 20 segundo.

Gizonezkoen hiru hamarreko harri-jasotzeko txapelketan Imanol Albizu Goikoetxe nagusitu zitzaion Aimar Galarragari. Bi minutuko denboran, 125 kiloko zilindroari, kubikoari eta harri borobilari 35 jasoaldi eman zizkion Goikoetxek eta 32 Galarragak.

Emakumezkoen harri-jasotzeko txapelketan Virginia Finolek 52 altxaldi eman zizkien 63 kiloko hiru harriei: zilindroa 21 aldiz, kubikoa 14 aldiz eta borobila 17 aldiz jaso zuen.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun