Leitzako autobus zerbitzuaren maiztasunean hainbat murrizketa egin dituzte

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 17a, 12:01
Leizaran eta Alsa konpainiek ematen dute zerbitzua Leitzan.

Nafarroako Gobernuak, behin behinean, bertan behera utzi ditu larunbatetan Leitzatik Areso, Tolosa eta  Iruñera joan-etorria egiten zuten autobus zerbitzuak. Leitzatik Donostiara egunero joaten den linean ere goizeko zerbitzurik ez dute eskainiko.

Leitzako Udalak murrizketa hauen aurrean kexa formala aurkeztu duela jakinarazi du: «garraio zerbitzua hobetzeko lanean dihardugu azken urteetan eta Nafarroako Gobernuak kontrakoa egin du azken neurriekin». Informazio falta ere salatu dute. Izan ere, Leizaran konpainiak aldaketaren berri eman die erabiltzaileei, zegokion geralekuan kartelak jarriz, baina ez da hala izan Alsaren kasuan: «horrek erabiltzailen artean  nahasmena eragin du eta hainbat kexa jaso ditugu udalean».  Hori dela eta aurrerantzean aldaketarik balego Nafarroako Gobernuari zuzenean jakinarazteko eskatu diete eta konpainiek erabiltzaileak behar bezala informatzen dituztela gainbegiratzea.

Era berean, murrizketek erabiltzaileei kalte nabarmenak eragiten dizkietela ere azaldu dute: «gure ustez, zerbitzuen maiztasuna murriztearen ondorioz, erabiltzaileak gaur egun martxan dauden zerbitzu urrietan kontzentratzen dira. Horrek arrisku handiagoko egoerak eragin ditzake Covid-19aren aurrean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun