Goizueta eta Larraungo pilotarien arteko partidak izanen dituzte igandean Goizuetan

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 16a, 19:00

Pasa den astean hasitako lehiari segida emanez, lagunarteko herriarteko pilota txapelketako itzulerako partidak jokatu uztailaren 18an, igandean, Goizuetako pilotalekuan. Goizuetako Umore ona eta Larraun Pilota Elkarteko pilotariak ariko dira eta partidak 11:00etan hasiko dira.  

Benjamin mailan, Goizuetako Legarreta eta Aranberri, Larraungo Azpiroz eta Legarraren kontra ariko dira; kimuak mailan, Goizuetako Salaberria eta Lujanbio, Larraungo Olleta eta Ijurkoren kontra; infantiletan, Goizuetako Legarreta eta Elizegi, Larraungo Galarza eta Goldarazenaren kontra eta senior mailan, Goizuetako Aizkorbe eta Apezetxea, Larraungo Iriarte eta Gurrearen kontra.

Ikusleek zein pilotariek hainbat segurtasun neurri bete beharko dituzte. Ikusleek maskararekin sartu eta egon beharko dute pilotaleku barruan eta pilotalekura egiten duten sartu-irten bakoitzean eskuak garbitu beharko dituzte. Eserita egon behar badute segurtasun distantziak mantendu beharko dituzte. Elkarrekin bizi diren pertsonek bakarrik izanen dute ondoan esertzeko aukera.

Pilotariek ere maskara jantzita eduki beharko dute jokatzen ari ez diren bitartean (aldagela zein pilotalekuan). Takoak jantzita etorri beharko dute, bakoitzak bere ur botila eramanen du eta kantxa barruan kenduko dute maskara. Gainera, pilotalekuan sartu eta ateratzen diren bakoitzean eskuak garbitu beharko dituzte. Aldagela eta dutxan bi pilotari bakarrik egonen dira bi metroko distantzia mantenduz eta aldagela garbi utzi beharko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun