Hori egiteko

Edonork daki hezkuntza dela oinarrizko zein goi mailako ezagutza garatzeko instituzioa. Polizia dela segurtasuna ziurtatzen diguna. Epaitegietan bermatzen dela justizia. Komunikabideena dela egia zabaltzeko eginkizuna. Baita politikariak hautatzen direla herritarren nahia bete dezaten ere.

Hala, zerbaitek huts egiten duenean, arlo horretan aldaketa behar dela ondorioztatzen da; pedagogia berria behar dela, polizia eredu berria behar dela, epaileren bat kanporatu behar dela edo alderdi politiko baten aldaketa beharrezkoa dela.

Badaezpada argituko dut orain arte idatzitakoak ez zuela ironiatik. Instituzio bakoitza makina beraren pieza da, eta makina batean pieza bakoitzak badu bere tokia, bere funtzioa. Lotsarik gabe esaten dute -okerrago, harrotasunez- hezkuntza arautuaren helburua ikasleak merkaturatzeko prestatzea dela. Merkatuak ez balu krudeletik ezer bezala. Ez bagina ariko propietate pribatuak, salerosketa libreak eta gainbalioaren erauzketak agintzen duten kapitalismoa erreproduzitzen bezala.

Hezkuntza arautuan ikasten da ikastetxera, lantokira bezala, puntual joaten. Ikasten da isilik egoten eta eserita orduak pasatzen. Ikasten da kasu egiten, esaten dena egiten eta egiten ez bada zer gertatzen den. Zer esanik ez edukiaren inguruan. Irakurgaietatik hasi, historiari ostikada batzuk ematera pasa eta azkenik marxismoa zaharkituta geratu dela entzun, marxismoa inoiz behar bezala landu ez duenaren ahotik. 

«Instituzio bakoitza makina beraren pieza da eta bakoitzak badu bere tokia»

Hala ere, hasieran esan bezala, klaseak dibertigarriagoak ala aspergarriagoak izan,m pedagogia bat edo beste erabili, ebaluazio irizpide batzuk edo beste izan, ikasleak otzan merkaturatzeko prestatzearen funtzioak bere horretan iraunen du. Ez dut honekin esan nahi hezkuntza arautuak ez duela ezertarako balio. Are gehiago, nire ustez garrantzitsua da ikasketa prozesuari ahalik eta zuku gehien ateratzea. Ordu asko, egun gehiegi pasatzen dira bertan, zukurik atera gabe igarotzeko. Sozializazio esparru garrantzitsuak dira bai oinarrizko hezkuntza zein goi mailakoa ere, hobekuntzak borrokan irabazteko esparru, lan eta ikasketa gaitasunak lortzeko tokia izan daiteke, mundua ulertzeko baliabideak eskuratu daitezke...

Mundua ulertu ez soilik teorian, izan ere, errealitatea ulertzea harreman sozial kapitalistak iraultzeko zer egin behar den jakitea da, hori egiteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun