Urumean eta Leitzaranen 20.000 izokin gazte askatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 15a, 17:00

Izokina birpopulatzeko abian duen ekimenaren barne egin du. Izokin horiek Basa Animalia eta Landareen Zerbitzuak kudeatzen duen arrain haztegian jaiotakoak dira. Ibaietako izokin basati batzuk harrapatu eta arrain haztegira eramaten ditu bertan ugal daitezen. Sei bat hilabeteren ondotik, izokin-kume guztiak ibaietan birpopulatzen dira.

Irungo arrain haztegian ugaltzen dira bildutako izokin basatiak. Eta Foru Aldundiaren arabera, «dagoeneko nabariak dira birpopulatze ekimen honek eman dituen fruituak». Urumean, erraterako, «azken hamar urteotan, batez beste, 181 izokin sartu dira urtero».

Izokin atlantiarra Kantauri isurialdean espezie nahiko arrunta izan zen XIX. mendera arte. Gero, ordea, «industrializazioaren eraginez, urararen kutsaduragatik eta han eta hemen eraikitako presen eraginez, Euskal Autonomia Erkidegoan guztiz desagertu zen, Bidasoan izan ezik. Urumean, berriz, 1940 inguruan desagertu zen». Egoera horri buelta eman nahian, «izokin basatien populazio iraunkorra bermatzeko eta populazio handitzeko» lanean ari da Gipuzkoako Foru Aldundia, hala nola, birpopulatzeko ekimen horrekin batera, ibaietan izokin arrainkumeen populazioa ikertuz eta zenbait tokitan izokin helduen sarrera aztertuz. «Izokinen habitata hobetzeko» bestelako neurriak ere hartu izan dituztela jakinarazi du, hala nola, «presak eraistea, arrain eskalak eraikitzea, ur-emari ekologikoak bermatzea...».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun