Rekondo eta Vicentek finalerako txartela dute jokoan igandean Leitzan

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 16a, 09:00
Finalerako txartela jokoan du Rekondok igandean.

Banakako urrezko aizkolari txapelketako finalerdietako saioa jokatuko dute uztailaren 19an Leitzako Amazabal pilotalekuan. 12:00etan hasiko da norgehiagoka eta Jon Rekondo leitzarrak Iker Vicente iazko txapelduna  izanen du aurkari. Hitzordu berean gizonezkoen hiru hamarreko harri-jasotze txapelketa eta emakumezkoen harri-jasotzeko txapelketa ere jokatuko dituzte.

Urrezko banakako aizkolari txapelketako lehenbiziko finalaurrekoa izanen da Leitzakoa. Ikusmina handia da, iazko irabazlea maila polita erakusten ari den leitzarraren aurka ariko baita.

Gizonezkoen hiru hamarreko harri-jasotzeko txapelketan Imanol Albizu Goikoetxe eta Aimar Galarraga ariko dira. Bi minutuko denboran, 125 kiloko zilindroari, kubikoari eta harri borobilari nork altxaldi gehiago egin neurtuko dute.

Emakumezkoen harri-jasotzeko txapelketako norgehiagoka ere jokatuko dute. Virginia Finolek 63 kiloko hiru harri jaso beharko ditu: zilindroa, kubikoa eta borobila. Pasa den larunbateko kanporaketan 52 altxaldi egin zituen, zilindroa 20 aldiz, kubikoa 13 aldiz eta borobila 19 aldiz jasota.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun