COVID-19: Elkarrizketak

«Babesa, zaintza eta maitasuna behar dituzte etxegabeek»

E. IRAOLA 2020ko uzt. 10a, 08:00

Esperientzia oso intentsoa izan dela dioen arren, hainbat ikasgai atera ditu Arantzazu Lizartza Saizar leitzarrak.

Arantzazu LIZARTZA SAIZAR 
Mediku leitzarra

Hainbat arazo sozial agerian utzi ditu Covid-19ak. Ez da gehiegi hitz egin, ordea, etxegabeen egoeraz. Kalean ezin bizi eta nora jo? Ataka estuan utzi zituen hainbat herritar alarma-egoerak. Beraiekin lanean aritu da Arantzazu Lizartza Saizar (Leitza, 1994) Donostiako Udalak etxerik gabeko pertsonentzat egokitu zituen lau abegi etxeetan lehen mailako mediku arreta ematen.

Esperientzia, «intentsoa, oso intentsoa» izan dela azaldu du Lizartzak: «emozio koktelak sentitu izan ditut egunero, frustrazio dezente jan dut iragan hilabeteetan, inpotentzia». Eskuartean zuen onena ematen saiatu den arren, argi dio sentsazio gazi-gozoa utzi diola bizitakoak: «sakoneko zauri bati gainazaleko tiritatxo bat jarri izan banio bezala».

160 pertsona lau abegi etxetan banatuta

Alarma-egoera ezarri eta bospasei egunera jarri zituen martxan Donostiako Udalak etxegabeentzako baliabideak: «hiru aterpetxe eta Atano III.a frontoia egokitu zituzten». Orduan iritsi zitzaion Gipuzkoako Mediku Elkargoaren lan-eskaintza Lizartzari: «denbora da kolegiatua nagoela eta formakuntza espezializatuan egoiliar gisa hasteko zain nengoen. Hau da, oporretan. Orduan esan zidaten Donostiako Udalak etxerik gabekoek konfinamendua igarotzeko martxan jarritako lau abegi etxeetarako mediku bat behar zutela».

«Emozio koktelak sentitu izan ditut egunero, iragan hilabeteetan»

Zetorkion lanaren neurria zein izanen zen ongi jakin gabe eman zuen baiezkoa eta maiatzaren 31ra arte aritu da bertan lanean. Donostiako Udaleko gizarte langile eta Arrats elkarteko hezitzaile taldearekin ibili da elkarlanean, baina bera izan da osasun profesional bakarra. 150 lagun baino gehiagori eman diote zerbitzua: «zerrenda aldakorra izan da. Altak eta bajak ia egunero egon dira, baita jarrera desegokiagatik kaleratzeak ere, baina, orokorrean, 160 pertsona inguru artatu ditut».

Udalak eskainitako baliabideekin oinarrizko premiak aseak zituzten etxerik gabeko pertsonek: teilatu bat konfinamendua igarotzeko, Gureak enpresak eskainitako hiru otordu egunean eta komunak, baina lan soziala ere egin nahi zuten. Hala, Lizartzaren ustez garrantzitsuena: «bertan lanean ibili garenok, kolektibo honi eskainitako babesa edo zaintza izan dira».

Abegi etxeetako baldintzak

Lau abegi etxeak ezagutu ditu Lizartzak eta batzuen eta besteen artean aldeak bistakoak zirela dio: «aterpetxeetan logelak, espazio komunak,..irudikatzen errazak diren antolakuntza zegoen. Aldiz, Atano III.eko kantxan 50 ohatila inguru zeuden, bi metroko tartea mantenduz gutxienez, batetik bestera». Azken hau, azpiegitura prekarioa zela salatu du, gaineratuz: «nik kontsulta komun batean pasatzen nuen».

Eguneko orduak motz

Batetik bestera, anbulategi mugikor batean bezala aritu da lanean: «lau zentroetan ibili naiz mediku orokor gisa, lehen mailako arreta ematen». Hasieran, dena martxan jarri arte lan-zama handia izan zuela azaldu du: «zentro bakoitzeko pertsonak ezagutu, haien beharrak behatu, behar zuten kasuan tratamenduak jarri, jarraipen bat eman, kasuren batean larrialdi edo psikiatria zerbitzuetara bideratu…». Eguneko orduak motz gelditzen zitzaizkion, «jasotako informazioa gero digitalizatu egiten delako». Hilabete batez lanean aritu ondotik, lan-irizpide batzuk ezarri zituen: «neroni nintzen osasun profesional bakarra eta eguneko zentro baten itxura hartua nion sortu genuenari. Ostiralak zintzilik geratutako gauzak egiteko aprobetxatzen nuen, baina mugikorra zein posta elektronikoa erabat nuen eskuragarri, nahiz eta asteburua izan».

«Sakoneko arazo bati gainazaleko tiritatxo bat jarri diogu»

Ikusitako premiak

Artatutako pertsona horien premiak nagusiki hiru zirela azaldu du: «babesa, zaintza eta maitasuna da kolektibo honek behar duena». Beste guztiaren gainetik, «entzuna izateko premia» dutela. Bestalde, ez da ahaztu behar kolektibo honen gehiengoak toxiko menpekotasunak aurkezten dituela, «kasu horietan, kalte-murrizketa estrategia aplikatu dugu, batez ere, beraien ongizateari begira». Gaitz organikoei dagokienean, berriz, «hortz asaldura ugari artatu ditut, izan ere, nahiko egoera txarreko aho-hortzak zituen kolektiboaren zati esanguratsu batek». Zorionez koronabirus kasurik ez dute izan: «arnas bideko klinika izan duenik izan da iragan hilabeteetan, eta horiek berehala isolatzea bermatua zegoen baliabideetara lekualdatu ditugu. Izan ere, Atano III.ak ez zuen isolamendurako aukerarik ematen».

Errealitatea ezagutuz

Ehunka pertsona elkarrizketatzeko aukera eman dio esperientzia honek, haien errealitatea hurbiletik ezagutzekoa: «sistema kapitalista honen lurpean aurkitzen diren ehunka pertsonen egoeraren berri jakitekoa». Haiek informatzea izan da bere egitekoetako bat eta horretarako, «artatutako pertsona guztiei galdetzen nien pandemiaren inguruan, egoeraren berri zenbateraino zekiten jakiteko helburuarekin eta babes-neurriak behin eta berriz errepikatzen nizkien».

Eta orain zer?

Ekainaren 22an itxi zituzten abegi etxeetako hiru, «bat urte osoan egoten da martxan Donostian». Eta bertan bilduta egon direnekin orain zer gertatuko den pentsatzeak ere kezka eragiten dio: «badakit Donostiako Udala eta Diputazioa elkarlanean aritu direla pertsona hauek kalera itzuli behar ez izateko, baina egonen da berriro kalera itzuli beharko duenik ere». Eta ez da ahaztu behar birusa oraindik hor dagoela eta bitarteko gabezia eta arrisku gehiago izanen dituztela, «zalantzarik gabe, kolektibo oso zaurgarria da. Baina borondate onaren atzean zenbaki ekonomikoak egotearen arriskua azaleratzen du horrek, argi eta garbi».

«Gizarte eraldaketa urgentziazkoa da»

Ikusezinak

Etxerik gabeko pertsonen egoeraz galdetuta pandemia aurretik ere gutxi azaleratu edo eztabaidatu den kontu bat dela nabarmendu nahi izan du: «Eduardo Galeanok bere lan batean dioen bezala: ikusezinak, baliabide gabeko gizakiak dira». Lizartzari lehendik ere piztua zuen kontzientzia soziala are gehiago indartzeko balio izan dio bizitakoak. Arazoaren muinera jotzea ezinbestekoa da bere ustez: «ikusezintasun hori ikusezinari berari edo ikusten ez duenari dagokion hausnartzea tokatzen zaigu».

«Entzuna izateko premia dute etxerik gabeko pertsonek»

Ikasgaiak

Asaldura sozialak «ez direla ez toxiko kontsumoarekin, ez psikofarmakoekin osatu edo sendatuko» ikasi ahal izan du azken hilabeteetan. Areago, «horrek arrakala handitzea besterik ez dakarrela» eta gizarte eraldaketa baten premia «urgentziazkoa» dela ikusi du. Alor profesionalari lotutako gogoeta egiteko aukera ere izan du. Hala, Hipokratesen esaldi bati inoiz baino argi gehiago ikusi diola nabarmendu nahi izan du: «sendagileak sendatu gutxitan sendatuko du, arindu zenbaitetan, eta babesa, babesa eman beti».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun