Ixiar Bakero

«Iaz Realak irabazi zuen arte inor ez zen gure lorpenez ohartu»

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 11a, 12:00

Ixiar BAKERO ESKUDERO, Goizuetako futbolari ohia.

Emakumezkoen futbolean aitzindari izan ziren Goizuetako Bakero-Eskuderotarrak. Ixiar eta Ainhoa ahizpek, esaterako, hiru aldiz liga eta beste hirutan kopa irabazi zituzten. Futbolean egindako ibilbideaz eta emakumeen futbolaz aritu da Ixiar Bakero TTIPI-TTAPArekin.

Sorterria aspaldi utzi zuen arren, argi du nongoa den Ixiar Bakerok (Goizueta, 1969). Ez ditu sustraiak ahaztuak, ezta haurtzaroko «oroitzapen politak» ere. Hiru urte zituen Goizueta utzi eta familiarekin Añorgara joan zenean, «baina oporrak eta ahal genituen asteburu guztiak Goizuetan pasatzen genituen». Gaur egun, Hernani du bizileku, baina «beti esaten dut goizuetarra naizela, hori argi dago» eta oraindik ere «askotan Goizuetara joateko ohitura» omen dute, «gure gurasoena izan zen etxea han daukagu, eta ahal dugun guztietan joaten gara».

Futbol talde bat osatzeko adina diren familian jaio zen. 11 anai-arreben artean bederatzigarrena da, eta asko izan ziren futbolaren bidea aukeratu zutenak: 11 senideetatik seik lortu zuten goi mailara ailegatzea, eta tartean Ixiar Bakerok. Emakumeen futbolean aitzindari izan zen.

Zuena futbolarien familia dela esan dezakegu...
Beti esan izan didate 11 senide izanda futbol taldea osatzeko adina baginela. Egia da anai-arreba gehienok kirola egin dugula eta bereziki futbola. Bi anaia, Joxe Mari eta Xanti, lehen mailara ailegatu ziren, eta beste batzuk B mailan aritu ziren. Hiru ahizpa, Arantxa, Ainhoa eta hirurok, Añorga taldean ibili ginen. Gero Arantxak atletismoan segitu zuen. Ez dakit familiatik datorkigun edo ez, baina txikitatik gustatu izan zaigu eta gustuko genuena egiteko aukera izan genuen eta aurrera egin genuen. Atletismoan ere ibili nintzen.

Kirolaz aparte, bazenuen beste afiziorik?
Ez, kirola zen nire afizio nagusia. Beti kanpoan ibiltzen ginen, lagunekin, neska eta mutil elkarrekin, pilotan, futbolean, harrapaketan... Nniri kirola gustatzen zitzaidan, eta niri bezala nire ingurukoei.

Goizuetan igarotako haurtzaroaz nolako oroitzapenak dituzu?
Oso-oso politak. Anaia-arrebak eta inguruko bizilagunak denak batera ibiltzen ginen, beti kalean. Hiru urte izanen nituen Añorgara joan ginenean baina gure opor guztiak, Gabonak, uda, Aste Santua, ahal genituen asteburuak... Goizuetan pasatzen genituen. Nahiz eta oso ttikitan joan ginen Añorgara, haurtzaroko oroitzapenak Goizuetakoak ditut. Gero, adin batetik aurrera, Añorgan gehiago gelditzen hasi ginen.

Gazterik hil zitzaizuen aita... Gogorra izan zen?
Sei urte nituela hil zen. Gogorra izan zen bai, baina oso ttikia nintzen. Anaia-arreba zaharrenek gehiago sumatu zuten eta oso gazterik lanean hastea tokatu zitzaien. Orain beste ikuspuntu batekin ikusten dut baina orduan oso ttikia nintzen kontziente izateko.

«Garai hartan ez zegoen emakumeen talderik, baina mutilenak asko»

Añorgan hasi zinen futbolean...
Bai, Añorgan futbol zelaia eta frontoia eskura genituen eta orduak pasatzen genituen futbolean eta pilotan. Garai hartan ez zegoen emakumeen talderik, baina mutilenak asko, eta haien entrenatzaileetako batek, gaizki ez ginela moldatzen ikusita, 1980an edo 1981ean, ikastolako jaialdian aritzea proposatu zigun. Baietz esan eta nesken taldea osatu genuen. 

Ikastolako partida haren ondotik gehiago etorri ziren...
Ikastolako futbol zelai ttikian jokatu genuen partida horren ondotik, Donostian maiatzean hondartzan egiten den txapelketan, finala jokatzeko aukera eman ziguten. Ez zegoen talderik eta zuzenean finala jokatu genuen. Kontxan izan zen, 1981ean, orduan irabazi genuen nesken aurreneko finala. 

Nolako taldea zineten?
Hasieran Añorgako jendearekin osatu genuen eta futbolean jokatzeko nahikoa ez ginenez, futbiton aritu ginen. Gerora, ordea, Añorgan nesken taldea bazela zabaldu zenean, inguruko herrietatik neska pila hurbildu zen. Futbolean oso ongi ibiltzen zen eta jokatzeko gogoz zegoen jendea zen eta talde ederra osatu genuen. Hortik aparte, lagun taldea egin genuen eta gaur egun nire kuadrillako gehienak talde horretakoak dira.

«Estatu mailan denetarik esaten ziguten: 'mari-mutilak', 'segi etxera', 'zer ari zarete futbolean'... Burla egiten ziguten».

Inguruak nola erantzun zuen emakumezkoen futbol taldea sortutakoan?
Añorgan, adibidez, ez zen inor harritu, auzo ttikia da eta ohikoa zen gu han jokatzen ikustea. Baina Añorgatik kanpo bai, ez zelako ezaguna. Euskal Herrian, hala ere, nahiko erantzun ona izan genuen, baina estatu mailan denetarik esaten ziguten: 'mari-mutilak', 'segi etxera', 'zer ari zarete futbolean jolasten'... Burla egiten ziguten.

Añorgan hasitako ibilbideak askorako eman zuen. Espainiako liga eta Erreginaren Kopa bakoitza hirutan irabazi zenuten eta hainbat bigarren postu lortu zenituzten. Orduko nolako oroitzapenak dituzu?
Oso oroitzapen politak. Gazten-gazteak ginen, esan bezala, futbol talde bat baina batez ere lagun kuadrilla. Gipuzkoako ligan hasi genuen ibilbidea, eta hori irabazitakoan estatu mailan jokatzen hasi ginen. Ordu askoko bidaiak egiten genituen autobusean, partida jokatu eta buelta, batzuetan baita 12 orduko bidaiak egin, jokatu eta buelta. Baina oso giro ona genuen geure artean.

Gipuzkoako, Euskal Herriko eta Espainiako selekzioetan ibili zinen...
Urte dezentez Gipuzkoako selekzioan ibili nintzen eta titulu asko irabazi genituen. Gero, herrialde mailakoak desagertu eta Euskadikoa sortu zuten eta estatu mailan titulu bat lortu genuen. 17 urte nituela Espainiako selekzioarekin jokatzeko deitu zidaten eta futbola uzteko erabakia hartu nuen arte segitu nuen.

Kapitaina eta golegile ona zinen...
Espainiako selekzioan, Euskadikoan eta Añorgako taldean kapitaina izan nintzen. Gol dezente sartzen nituen erdilaria nintzen baina sartu baino gehiago aukerak ematen nituen.

Gizonezkoen eta emakumezkoen futbolaren arteko aldea oso nabarmena zen?
Bai, dudarik gabe. Estatu mailan, gero irabazi genituen ligan jokatzen ari ginela, ikustekoa zen zein eratan ibiltzen ginen. Asteburu bat etxean eta hurrengoa kanpoan jokatzen genuen, estatu osoan barna. Larunbatetan ez dakit ze ordutan ateratzen ginen etxetik, ordu luzez autobusean ibili, partida jokatu eta buelta. Gizonezkoek hegazkinetan egiten zituzten bidaiak.

Orduko bitxikeriak ere izanen dituzu gogoan...
Bai, bai, eta batzuk zelebreak. Hemendik kanpora joaten ginenean, lehen mailako taldeen zelaien ondoan jokatzen genuen. Gaur egun, denek belar artifiziala dute, baina garai hartan zelai txarrak ziren. Bartzelonara joan ginen batean, kontent geunden Camp Noun jokatuko genuela pentsatuz, baina non jokatuko eta Camp Nouren aparkalekuan jokatu genuen, autoak aparkatu genituen tokian. Geroztik 30-40 urte pasatu dira. 

Joxe Mari edo Xantiren arreba ala Ixiar sentitu zara futbolean?
Hor barna joaten nintzenean, askotan galdetzen zuten 'zein da arreba?'. Oso harro nago beraien arreba izateaz, baina futbolean Ixiar izan naiz, eta lortu dudana nire merituekin egindakoa izan da, ez besteen arreba izateagatik.  

Bakero abizena zama izan da?
Ez, ez inondik inora ere ez. Oso kontent nago dudan abizenarekin.

Anaiek futboletik bizitzeko aukera izan zuten. Zuk eta zure ahizpak, ordea, ez...
Gizartearen erakusleiho da hori, emakumea beti bigarren mailan. Titulu asko lortu genituen, baina iaz Realak Erreginaren Kopa irabazi zuen arte, inor ez zen ohartu gure lorpenez. Orduan azaleratu zen titulu hori lortutako emakumezkoen talde gehiago bazirela Gipuzkoan. Tarte horretan isil-isilik pasatu zen gurea. Hor ikusten da gizonezkoen futbolarekin zein den aldea.

Gaur egun nola ikusten duzu emakumezkoen futbola?
Aldaketa handia gertatu da. Aurreneko pausoa lehen mailan gizonezkoen taldea dutenek emakumezkoetan ere taldea ateratzea izan da: Realak, Osasunak, Athleticek... Horrekin batera, jokalari eta entrenatzaile guztiek guttieneko soldata eta jokatzeko zelaiak bermatuak dituzte. Asko-asko aldatu da gure garaitik. Guk ez genuen entrenatzeko bitartekorik eta entrenatzaile bat bilatzeko ere nahiko lan izaten genuen. Hala ere, oraindik asko dago aldatzeko.

«15 urte pasatu nituen futbolean. Baina ordura arte gozamena zena aldatzen hasia zen. Gainera, bistakoa zen futboletik ezin izanen genuela bizi eta uztea erabaki nuen».

Zergatik hartu zenuen erretiroa?
10 urterekin hasi eta 25 egin arte ibili nintzen futbolean. Baina ordura arte gozamena zena aldatzen hasia zen: entrenamenduak berandu, etxera ez dakit zer ordutan, ikasketak, lana, halako maneran egiten genituen asteburuetako bidaiak, goizaldeko lauretan etxera ailegatu eta astelehenean lanera... Nahiko gozatua nuela eta erritmo hori jarraitzea ezinezkoa zela ikusten nuen. Gainera, bistakoa zen futboletik ezin izanen genuela bizi eta uztea erabaki nuen, nahiz eta maila onean nengoen eta selekzioek nirekin kontatzen zuten.

Erabaki zaila izan zen?
Hasieratik taldean egonak ziren lagun batzuk uzten hasiak ziren eta jakina zen pixkanaka denok bide bera hartuko genuela. Alde horretatik, ez zen erabaki zaila izan. Gainera, utzi nuenean, Añorga B taldea entrenatzeko aukera eskaini zidaten eta ez nuen futbolarekin nuen harremana erabat alde batera utzi. 

Futbolarekin harremanetan segitzen duzu?
Ez. Urte batzuez entrenatzaile lanetan ibili nintzen, baina seme-alabak eduki nituenean erabat utzi nuen. Urtero eskaini izan didate entrenatzaile lana baina gauza asko dira eta indarra duen jende gaztea bilatzeko esaten diet.

Kirola egiten duzu?
Astean behin lagunak frontenisean jokatzeko elkartzen gara. Mendian buelta batzuk ere ematen ditugu eta horrelako kontuak.

 

MOTZEAN

  • Bizitzeko toki bat? Antiguo, nahiz eta bizi izan naizen hiru herrietan oso gustura bizi izan naizen.
  • Goizuetako txokorik gustukoena? Txino auzoa.
  • Liburu bat? Ez naiz oso liburuzalea.
  • Futbol talde bat? Reala.
  • Jokalari bat? Bere garaian, Realeko Zamora eta Bartzelonako Laudrup eta gaur egun, Bartzelonako Messi. 
  • Hondartza ala mendia? Mendia.
  • Bisitatuko zenukeen toki bat? Australia.
  • Futbola ez den bertze kirol bat? Praktikatzeko eta ikusteko pilota. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun