Alkoholarekin daukagun harremanaren inguruko hausnarketa egiteko udako prebentzio kanpaina abiatu dute

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 9a, 12:00

Ipar-mendebaldeko prebentziko teknikariek, tartean, Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Oinarrizko Gizarte Zerbitzukoak, udako kanpaina egin dute elkarlanean. Itxialdi garaian ere alkohol kontsumoaren normalizazioaren pertzepzioa dagoela eta horrek kezka eragiten die profesionalei, «gizartean arazo gehien sortzen dituen droga delako alkohola».

Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Prebentzio Programako oharrak dioenez, «COVID-19ak eragindako osasun krisia dela eta, itxialdian ia bi hilabete pasa genituen. Kezka, beldur eta ezjakintasunaz betetako bi hilabete izan ziren. Denborak aurrera egin ahala, gauza materialak baino, bestelako gabezia batzuk sumatzen joan izan gara, batez ere, emozionalak eta afektiboa: Maite eta behar ditugun pertsonekin egoteko aukera ez izatea, ezin lagunak eta familia besarkatu, laguntza eskaini, alboan egon… Etxean ordu asko igarotzeak, kontaktu fisikorik izan gabe, ondorio ugari ekarri ditu eta sozializatzeko beste modu batzuk sortu ditugu. Distantzia fisikoa konpentsatzeko gertu sentitzeko moduak bilatu behar genituen, eta baita aurkitu ere.

Koronabirusak errealitate berri batean kokatu gaitu eta sozializatzeko modu berrietara egokitu behar izan gara. Pantailak lehen ilaran jarri dira, telelanean, hezkuntzan, tramite ugarietan, gure lagun eta familien kontaktuan jartzeko, entretenitzeko…Baina ohitura eta errutina guztiak ez dira uste bezain osasuntsuak. Izan ere, lehen kale eta taberna giroan egiten ziren kontsumoak etxean integratu ziren konfirnamenduan (pintxopote birtualak, igandeetako bermuta…).

Ez dira gutxi izan, handik eta hemendik, etengabe, bidali dizkiguten eta guk birbidali ditugun memeak: irrikan nago ateratzeko, munduko garagardo guztia edateko, orain arte edan ezin izan dudan guztia egun batean hartzeko. Beti ere umore puntu horrekin, baina premiazko nabardura batekin, beharrarekin, lehentasunarekin eta, noski, alkohola lehen lerroan eta, ziur aski, neurriz kanpoko balioa emanez.

Horrek agerian uzten duena ez da berria, beharbada beste dimentsio bat eman zaio, baina, funtsean, alkohol kontsumoaren normalizazioaren pertzepzioa dago. Eta horrek profesionalak kezkatzen ditu, alkohola gizartean arazo gehien sortzen dituen droga delako. Azken datuen arabera, Nafarroan mendekotasun handiena sortzen duen sustantzia da. 

Horregatik guztiagatik komenigarria litzateke alkoholarekin daukagun harremanaren inguruko hausnarketa egitea, eta, pasatu duguna pasatuta, argi izatea garrantzitsuena ez dela pote bat hartzeko aukera ez izatea, garrantzitsuena maite ditugun pertsonekin egon ezin izatea da. Eman diezaiegun bere lekua ohitura osasuntsuei. Orain inoiz baino gehiago “gure burua zainduz, besteak zaintzen ditugu” leloa gurea egin dezagun, eta zabal dezagun mezu hori ingurukoen artean».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun