Herriko komertzioa indartzeko erosketa txartelak jarriko dituzte salgai Goizuetan

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 8a, 18:00
Uztailaren 13tik abuztuaren 30era arte erabil ditzakete erosketa bonuak

Goizuetako Udalak herriko komertzioetan gastatzeko bonuak jarriko ditu herritarren eskura. 20 euroren truke bost euroko bost bonu eskuratzeko aukera izanen dute. Bonu hauek bost eurotik gorako edozein erosketa egiteko balioko dute, herriko edozein komertziotan, uztailaren erditik abuztuaren 30era arte.

Kanpaina honekin herriko komertzioei lagundu nahi diete. Udaletik adierazi dute konfinamendu garaian ikusi dela beharrezko zerbitzu guztiak badituztela herrian: «ez zaigu ia deus falta izan. Hemendik aurrera ere herrian kontsumitzen jarraitzea beharrezkoa da zerbitzu hauei eusteko». Bestalde, itxita egon behar izan duten tabernei esku bat bota eta lanean jardun duten guztiei eskerrak emateko modu bat ere bada udalak abiatu duen kanpaina. 

Bonuak salgai uztailaren 10ean eta 11n

Bonuak uztailaren 10ean, arratsaldean, eta 11, goizean, salduko dituzte plazan eta uztailaren 13tik aurrera erabiltzeko moduan izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun