Goizuetan Dama Beltzak taldearen kontzertua gaur ilunabarrean, Ikastolako toldopean

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 4a, 10:30
Pinatxo eta Santxez, lehendik egina duten emanaldi batean.

Pasa den martxoaren 28an alde batera utzi behar izan zuten kontzertua gaur larunbata, 19:30ean emanen dute, ikastolako toldopean. Bertara joaten direnek aulkiak izanen dituzte prest, segurtasun distantziarekin paratuak, eta aulki horietan eserita ikusi beharko da emanaldia.

Joan den irailean aurkeztu zuten mugimendu musikal eta soziala sustatu zuten emakumeen borroka ardatz duen Dama Beltzak proiektua. Orduz geroztik Estitxu Pinatxo abeslariaren eta Mikel Santxez gitarra-jotzailearen lana batean eta bertzean erakutsi dute.

Musika bikaina egiteaz gain, musikaren bitartez iraultza eta borroka egin zuten dama beltz batzuei merezitako errekonozimendu xumea da DAMA BELTZAK. Mugimendu musikal eta sozialaren erreginak izan ziren, bertzeak bertze, Ella Fitzgerald, Nina Simone, Roberta Flack, Etta James eta Aretha Franklin. Ahazturan gera ez daitezen, bortz emakume ausart hauen bizitzak kontatu eta haien abestiak kantatuko dituzte. Estitxuren ahotsa oinarri hartuta, piano eta gitarra doinuek jantziko dituzte euren dama beltzen abestiak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun