Ibai Azurmendi

«Maillot laranja hau berriz ere maila gorenera eraman nahi dut»

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 4a, 11:00
Hogeita lau urterekin 2018az geroztik dabil profesional mailan.

Ibai AZURMENDI SAGASTIBELTZA
Txirrindulari leitzarra

Anaiari segika hasi zena, besteen gurpilak atzean utziz dabil orain. Zortzi urterekin hasi zen lasterketetan parte hartzen Ibai Azurmendi Sagastibeltza (Leitza, 1996) eta geroztik, pedalei gogor eraginez, goranzko bidea egin du. Duela bi urte eman zuen kontinental mailarako saltoa Euskadi Fundazioaren eskutik. Orain, maillot laranja jantzita, Euskaltel-Euskadiko kidea da. Ilusioz hitz egin du taldearen etapa berriaz: «Euskal Herriak behar zuen horrelako talde eta ilusio bat».

Taldeko kotxean anaiaren atzetik joanez izan zuen aurreneko hartu-emana txirrindularitzarekin Azurmendik: «anaiak parte hartzen zuen lasterketetan bere atzetik ibiltzen nintzen taldeko kotxean sartuta. Bere gogoa, ilusioa… ikusten nituen eta orduan hasi zitzaidan txirrindularitza gustatzen». Azkar eman zuen bizikleta gainerako saltoa, «herriko talde batekin hasi nintzen ibiltzen eta zortzi bat urteren bueltan parte hartu nuen aurrenekoz lasterketa batean».

Urteak pasa ahala kategoriaz aldatu eta gurasoen babesari esker egin zuela aurrera azpimarratu nahi izan du: «hasierako urteetan zirkuitoak izaten ziren eta gurasoek ikaragarrizko merituekin batera eta bestera eramaten ninduten. Haiei esker izan nuen kirol honetan aritzeko aukera». Altsasuko Burunda taldekoak izan zituen gero bidelagun, «ikaragarri ongi zaindu ninduten  eta haiek erakutsi zidaten profesionaletara ailegatzeko beharrezko guztia». Gazte mailara arte ibili zen beraiekin, orduan klubak Jorge Azanza aurkeztu eta gaur egun arte bere eskutik egin du bidea: «berak erakutsi dit dakidan guztia eta oraintxe ere bera da nire zuzendaria».

Kirola eta ikasketak
Ongi lotutako kate baten gisara, «dena lotua» joan den arren, garbi izan du ez zituela ikasketak albo batera utzi nahi: «oso zaila da txirrindularitzatik bizi guztian bizi ahal izatea. Momentuan bai, baina etorkizunera begira, non heldu, aukerak izatea garrantzitsua da». Horregatik, afizionatu mailara pasa zenean magisteritza ikasten hasi zen: «lehenbiziko hiru urtetan kirol errendimendu aldetik mailari eusten saiatu nintzen, baina ikasketei garrantzia berdina ematen nien». Arazorik gabe gainditu zituen lehenbiziko hiru mailak eta profesionaletara pasatzeko aukera ate-joka zuenean kirol arloari eman zion garrantzia: «alde batera utzi nituen orduan ikasketak, baina gelditzen zaidana oso gutxi da; hiru ikasgai eta praktikak baino ez. Txirrindularitza uzten dudan urtean hori dena urte batean errez ateratzeko modua daukat. Horrek lasaitasuna ematen dit».

«Oso zaila da txirrindularitzatik bizi guztian bizi ahal izatea. Etorkizunera begira, non heldu, aukerak izatea garrantzitsua da».

Erretiroa hartu aurretik, ordea, podiumekin egiten du amets. Euskadi Fundaziotik, Euskaltel-Euskadi taldea izatera pasa dira aurten eta horrek, taldearentzat zein txirrindularientzat eragin oso ona izan du: «bi urtez aritu gara kontinental mailan eta aurten kontinental pro mailara igo gara. Futboleko hirugarren mailatik bigarrenera salto egitea bezalakoa da hori». Mundu mailako txapelketetarako atea irekitzen die horrek, «munduko hoberenekin lehiatzeko aukera ematen digu eta hori oso garrantzitsua da». Euskaltel konpainiaren babesarekin, «proiektuak etorkizun oso ona» duela ere gaineratu du.

Euskal txirrindularitzari bultzada
Euskal txirrindularitzarentzat ere, pauso garrantzitsua dela uste du: «Euskal Herrian lehen zegoen sentimendu hori berpizten ari da eta hori telebistatik ikustea, argazkiak ikustea… marea laranja hori berriro errepide bazterretan ikustea zoragarria da». Are gehiago fenomeno horren partaide izanda, «zu izatea egunero soinean maillot laranja janzten duena… Hori ikaragarrizko ohorea da. Egunero ilusioz entrenatzeko motibazioa da». Taldearen iraganeko lorpenak begiz joak ditu leitzarrak: «ez da ahaztu behar Euskaltel-Euskadi mundu mailan erreferente bat izan zela. Ikusi besterik ez dago, zer nolako txirrindulari atera ziren talde horretatik. Adibidez Mikel Nieve bera, ikusten da zein mailatara iritsi den eta Euskal Herrian hazi zen». Azurmendiren ustez, nahiko beltz zegoen euskal txirrindularitzarentzat argi izpi bat izan da Euskaltelen babesa: «Euskal Herriak behar zuela horrelako talde eta ilusio bat. Jendea gogotsu zegoen, ikusi besterik ez dago zaleek lehenbiziko egunetik erakutsi diguten babesa».

«Jendea gogotsu zegoen, ikusi besterik ez dago zaleek lehenbiuziko egunetik erakutsi diguten babesa».

Urte berezia
Mallorca eta Andaluzian lehian hasi zuen urtea «ongi ikusi nintzen, ilusioz nenbilen». Covid-19ak, ordea, goitik behera aldatu zizkien egutegi eta entrenamenduak: «denongan izan du eragina. Momentu gogorrak izan dira nola prestatu, erritmoa ez gelditu… baina taldeak lasaitasuna ematen zigun datorren urterako ez dela arazorik egonen esanez».  Lasterketak bertan behera gelditu zirela ikusteak pena ematen zion  arren, argi dio ez zela egoistak izateko garaia: «jendea latzak pasatzen ari zen, egoera muturrekoa zen. Kirol arloan pasatzen ari zena bigarren mailakoa zen. Azkenean ongi nengoen, etxean nengoen, taldeak lasaitasuna ematen zidan, zer gehiago eskatu behar nuen?». Egoerara moldatu eta lanean segitu, horixe izan du azken hilabetetako errezeta: «orain egutegi bat jarri digute eta suerte pixka batekin izanen dugu lasterketa politak lehiatzeko aukera».

Okerrik ez bada, hilabete bukaeran Burgos edo Frantzian hasiko da berriz ere lehian, «egun berean hasten dira bi lasterketak eta bietako batean egonen naizela uste dut. Ez zait inporta batean edo bestean aritzea, badakidalako maila ona egonen dela bietan. Inportanteena berriz ere lehiatzea da eta berriz ere lasterketako sentsazio horiek bizitzea».

«Inportanteena berriz ere lehiatzea da eta berriz ere lasterketako sentsazio horiek bizitzea»

Euskaltelekin 2021era arte sinatua du kontratua, «aukerak baditut oraindik». Aurtengo helburua bere buruarengan konfiantza hartzen joatea omen zen: 2018a oso urte ona izan zen, maila dezenteko lasterketak jokatu nituen eta ongi moldatu nintzen. Maila polita eman nuen, mundialak jokatzeko aukera izan nuen eta imajina ezin nitzakeen ametsak bete nituen».  Pasa den urtean, ordea, oreka ezin aurkituz ibili zen: «lehengo urtea gogorragoa egin zitzaidan, nire buruari gehiago exijitzen nion, batzuetan gehiegi eta ez nintzen egoerara ongi egin, beti gehiago nahi nuen». Horregatik, aurten bere buruarengan konfiantza hartzen joateko ari da lanean. Bidelagun egokia topatu du horretarako: «Mikel Nieverekin entrenatzen ari naiz, oso eskuzabal ari da jokatzen nirekin eta motibazio handia da niretzat». Miresmenez hitz egiten du bere maisu bihurtu denaz: «berak nik bizi nahi dudan guztia bizi izan du. Esaten didan guztia xurgatzen saiatzen naiz eta nik uste aurrera egiteko hori bide polita dela». Antzeko ezaugarriak dituzte biek, mendateak maite dituzte eta eskalatzaile onak dira. Horregatik, badaki esku onetan dagoela: «badakit berari segituz nire mailarik hoberena emanen dudala eta nire hoberena ematen badut badakit aukerak ditudala aurrean ibiltzeko».

Motzean:
Entrenatzeko gustuko tokia: Ultzama aldea
Txirrindulari bat: Mikel Nieve
Egindako lehiaketetatik bat: Jokatutako mundialeko lasterketak
Amestutako etapa: Frantziako itzulikoren bat.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun