Amazabalgo jangela eta garraio zerbitzuak diruz lagunduko dituzte datorren ikasturtean

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 30a, 11:00
Urtebeteko luzapena lortuta, denbora gehiagorekin aztertu ahal izanen dute zer jangela zerbitzu eskaini daitekeen.

Parlamentuko saiakerak emaitza ona izan du eta Nafarroako Hezkuntza sailak urtebetez DBHko ikasleen jangela eta garraio zerbitzuak bere horretan mantentzeko konpromisoa hartu du.

Apirilaz geroztik hizketagai izan da Amazabalgo jangela zerbitzua. Orduan  jakinarazi zien ikastetxeak Nafarroako Hezkuntza Departamentuak heldu den ikasturtean ez zuela Amazabalgo DBHko ikasleen jantoki zerbitzua diruz lagunduko eta DBHko eta Batxilergoko ikasleei ordutegi berbera jarri nahi zietela garraio zerbitzua murriztuz. Jantoki zerbitzuko dirulaguntza defendatu beharra zutela ikusita, Amazabal erreferentzia zentrotzat duten herrietako udal ordezkariek harreman sorta bat hastea erabaki zuten. Hamaika ate jo eta guztiak itxita, Parlamentura jotzea erabaki zuten udal ordezkariek. 

EH Bilduko talde parlamentarioak eraman zituen negoziaketak Hezkuntza Departamentuko ordezkariekin eta izan ditu emaitzak. Mikel Zabaleta Leitzako alkateak TTIPI-TTAPAri azaldu dionez, murrizketa hau ez da gauzatuko aurten eta horrela ikastetxeak urtebete gehiago izanen du gauzak behar bezala aztertu ahal izateko: «2020-2021 ikasturtean, denbora gehiagorekin, aztertu beharko du Amazabal Institutuak zer jangela zerbitzu eskaini daitekeen, zein baldintzetan eta nola». Izan ere, urtebeteko moratoria da lortu dena: «Hezkuntza Sailak, zerbitzu hau urte batez bakarrik luzatuko dutela esan du». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun