Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketako finalerdietarako txartela nagusitasunez lortu du Jon Rekondok

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 29a, 15:00
Lehenbiziko jardunaldian aritu ziren bost kirolariak: Rekondo, Magunazelaia, Ostolaza, Urra eta Azurmendi.

Leitzarrak Azurmendiri irabazi zion larunbatean Leaburun eta Iker Vicente izanen du esperoan finalerdietan

Ekainaren 27an abiatu da XXIII. Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa. Leaburuko lehen kanporaketan Jon Rekondo leitzarrak nagusitasunez irabazi zion Arraiarango Iñaki Azurmendiri eta Iker Vicente izanen du esperoan finalaurrekoan.

Rekondo kanporaketako hiru probetan izan zen Azurmendi baino hobea. Erlojuaren kontrakoan, 45 ontzako enborra 47 segundoan moztu zuen leitzarrak eta 56 segundoan Arriarangoak. 65 ontzakoa mozteko 2 minutu eta 59 segundo behar izan zituen Rekondok eta ia minutu bat gehiago, 3 minutu eta 54 segundo, Azurmendik. Proba luzean, 54 ontzako bi enbor eta 60 ontzako lau mozteko 19 minutu eta erdi aski izan zituen nafarrak eta 20 minutu eta 46 segundo gipuzkoarrak. Denera beraz, 23 minutu eta 16 segundo behar izan zituen Rekondok lan guztiak egiteko eta bi minutu eta hogei segundo gehiago Azurmendik.

Hiru hamarreko harri-jasotze txapelketako lehen norgehiagokan berdintasun gehiago izan zen. Ia erabateko berdintasuna, hobe errateko. Izan ere, Urdax Magunazelaiak eta Mikel Lopetegi ‘Urra’k 44na altxaldi egin zituzten 125 kiloko harriekin. Zilindroari 17 eman zizkion Magunazelaiak eta 19 Urrak; kubikoari 13 Magunazelaiak eta 14 Urrak, baina bolarekin berdindu egin zuen lehia Magunazelaiak, 14 aldiz altxatu baitzuen eta 11tan Urrak.

Emakumezkoen harri-jasotze txapelketaren baitan, Udane Ostolaza gazte oriotarra 50 kiloko harriekin aritu zen. 36 jasoaldi egin zituen denera (15 zilindro zaharrari, 9 kubikoari eta 12 bolari).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun