Iera Agirre leitzarra txapeldun suertatu da Emakume Master Cup txapelketan

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 29a, 09:00

Ruiz de Larramendi familiarentzat ere egun handia izan zen Irunen

 

Pilota zainetan daraman familia da Ruiz de Larramenditarrena eta urtetan izandako pasio horrek bere saria izan zuen igandean Irunen, Maite eta Olatzek Binakako Laboral Kutxa Emakume Master Cup lehiaketako txapelak jantzita. Izebak, Iera Agirre leitzarrarekin batera, pilota goxoko lehen txapela irabazi du Galeano ahizpei 22-7 gailenduta eta Olatz, ilobak, pilota mistokoa jantzi du, bere bigarrena lortu duen Leire Garairekin batera, Olatz Arrizabala eta Gentzane Aldairi 14-22 irabazita.Baina guztiaren gainetik, emakumeen pilota izan zen garaile igandean Urantzu berrituan, pasa ditugunak pasa ondotik, giro bikaina bizi ahal izan zelako, erabilgarri ziren 351 eserlekuak betez, kanpoan jendea sartu ezinda geratu zen, eta normalean gizonezkoei erreserbatutako telebista parrilaren zatia ikuskizun polit batekin betez. Partiden artean, Irungo 22 Academy dantza akademiak giroa berotu zuen bere ikuskizun berritzailearekin.

Pilota goxoko finalean, Iera Agirre eta Maite Ruiz de Larramendiren indar eta eskarmentuak ez zien aukerarik  txikiena eman Nagore eta Leire Galeanoren ilusio eta gaztetasunari eta nafarrek txapela jantzi zuten 22-7 irabazita. Finalari emozio pixka bat falta izan zitzaion arren, tantoak azken markagailuak erakusten duena baino lehiatuagoak izan ziren. Gorriak 10-0 aurreratu ziren arren, hasierako tantoak luze eta piloteatuak izan ziren, baina azkenean beti nafarren alde erori ziren. Izan ere, kolpez indartsusagoak izateaz harago, defentsa bikaina erakutsi zuten Agirrek eta Ruiz de Larramendik eta Antzuolako ahizpa gazteei ezinezkoa egin zitzaien tantoa amaitzeko zirrikiturik topatzea.
Hori bai, tarteka finaleraino eraman dituen maila erakusteko gai izan ziren Nagore eta Leire, ez zituzten eta alperrik sei partida irabazi txapelketa osoan zehar. Finalean urduritasunak eragin zien, baina ausart jokatuta, zazpi tanto egiteko gai izan ziren eta etorkizuna eurena dela erakutsi zuten. 
Hori bai, gaur egun, Iera Agirre eta Maite Ruiz de Larramendiri txapelak kendu ahal izateko lan handia dute aurretik.

IERA AGIRRE-MAITE RUIZ DE LARRAMENDI: 22
NAGORE eta LEIRE GALEANO: 7

Pilotakadak: 416
Iraupena: 43,32
Markagailua: 10-0, 10-1, 14-1, 14-2, 16-2, 16-3, 18-3, 18-4, 19-4, 19-6, 21-6, 21-7, 22-7.
Sakeak: 2 Iera Agirrek
Tantoak: 6 Iera Agirrek, 2 Maite Ruiz de Larramendik, 1 Nagore Galeanok eta 1 Leire Galeanok.
Hutsak: 3 Iera Agirrek, 2 Maite Ruiz de Larramendik, 2 Nagore Galeanok eta 10 Leire Galeanok.

Pilota mistoko finalean, aldiz, Leire Garai eta Olatz Ruiz de Larremendiren freskotasuna eta kolpea izan ziren txapela eman zietenak. Ideiak oso garbi zituztela kantxaratu ziren gasteiztarra eta Eulatekoa, jokoa atzean Gentzane Aldairi kargatzeko asmo argia izan zuten hasieratik, baita estrategia hori kantxaren gainean garatzeko dohainak ere. Eulateko atzelaria izango da, ezbairik gabe, gaur egun kolperik handieneko pilotaria eta pilota gehienak gozatu zituen, zulo handiak irekiz. Leire Garai ere ongi moldatzen da pilota klase honekin eta jokoa aurrean nahastu beharrean, ongi asmatu zuen pilota ezker paretara baztertzen eta atzelari gorriari lana pilatzen.
Gauzak horrela, bigarren finalak ere lehenaren antz handia izango zuela zirudien bikote gaztea 0-9 aurreratu zenean. Olatz Arrizabalaga, ordea, jokatzeko zegoen eta partidari eusten asmatu zuen. Sakearekin mina egin zuen gernikarrak eta tarteka partidaren erritmoa aldatzen ere asmatu zuen, partida estutuz (10-14). Garai eta Ruiz de Larramendik, ordea, berean jarraitu zuten, huts batzuk pilatu arren, garaipena non zegoen argi izan zuten partida osoan eta, bertze sustoren bat ere izan zuten arren (14-18) merezitako garaipena eskuratu zuten. Txapelik eraman ez zuten arren, Arrizabalaga-Aldaik ere bazuten pozik egoteko motiborik, pilota mistoarekin egindako lehen proban, txapelketa bikaina osatu dute eta.


OLATZ ARRIZABALAGA-GENTZANE ALDAI: 14
LEIRE GARAI-OLATZ RUIZ DE LARRAMENDI: 22

Pilotakadak: 467
Iraupena: 54,23
Markagailua: 0-9, 1-9, 1-10, 4-10, 4-12, 7-12, 7-14, 10-14, 10-18, 14-18, 14-22.
Sakeak: 4 Olatz Arrizabalagak, 3 Leire Garaik.
Tantoak: 5 Olatz Arrizabalagak, 6 Leire Garaik eta 4 Maite Ruiz de Larramendik
Hutsak: 3 Olatz Arrizabalagak, 5 Gentzane Aldaik, 5 Leire Garaik eta 1 Maite Ruiz de Larramendik

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun