Txapelketaren aniztasunaren ispilu izanen dira igandeko Laboral Kutxa Emakume Master Cupeko Irungo finalak

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 26a, 14:00
Emakume Master Cup txapelketako bi finaletan ariko diren zortzi pilotariak, Irungo Uranzu pilotaleku berrituan.

Pilota goxokoan, Iera Agirre leitzarra eta Eulateko Maite Ruiz de Larramendi, Antzuolako Galeano ahizpa gazteen kontra ariko dira

Arazoak arazo eta oztopoak oztopo, amaiera polit bat izanen du igande honetan Binakako Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketak. Ez agian, duela urte eta erdi, Irungo Udala eta txapelketaren antolatzaileak, hitzordu hau prestatzen hasi zirenean espero bezalakoa, baina girorik ez da faltako normalean gizonezkoen esku pilotarentzat ETB-k gordeta duen igande arratsaldeko ordutegian jokatuko diren bi finaletan.

Orain urte bete estreinatutako Irungo Uranzu pilotalekuan 727 pilotazale sartzen diren arren, igandean 351 pertsona sartu ahal izango dira, segurtasun neurri guztiak zorrotz betez, eta bertaratzerik ez dutenek ETB-1ean ikusi ahal izanen dituzte bi final erakargarri hauek. Jaialdirako gonbidapenak www.irun.org helbidean lortu daitezke.

Kirol alorrari dagokionean, esan daiteke Irungo finalak txapelketak duen aniztasunaren ispilu izango direla. Bere izaera irekiak, parte hartu nahi duen emakume orok erabat zabalik ditu txapelketaren ateak eta hala era eta adin desberdineko pilotari ugari aritu izan dira Euskal Herriko pilotalekuetan zehar.

Pilota goxoko finalean, Iera Agirre leitzarra eta Maite Ruiz de Larramendi beteranoak Antzuolako Galeano ahizpa gazteen kontra

Horren adibiderik garbiena izan daiteke Iera Agirre eta Maite Ruiz de Larramendi nafarrek Nagore eta Leire Galeano antzuolarren aurka jokatuko duten pilota goxoko finala. Leitzakoa eta Eulatekoa aurpegi ezagunak dira txapelketan, 33 eta 46 urte dituzte eta eskarmentu handia dute pilotalekuetan. Debagoieneko ahizpa gazteek, ordea, 13 eta 15 urte baino ez dituzte, sei partida irabazi behar izan dituzte finalera heltzeko eta, ezbairik gabe, lehiaketako ezustekorik handiena izan dira. Belaunaldi arteko talka izango da finalekoa, emakumeen esku pilotaren orainaren eta geroaren artekoa, interesez betea.

Pilota mistoan Arrizabalaga eta Aldai, Garai eta Ruiz de Larramendiren kontra

Pilota mistoarekin jokatuko den finalak ere badu mamirik. Lehen aldia da Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketaren binakakoan material gogorragoarekin jokatu dena eta bertan ere estiloen arteko lehia izanen da. Esan daiteke, Olatz Arrizabalaga eta Gentzane Aldai bizkaitarrak txapelketak izan duen garapenaren isla direla. Orain arte pilota goxoarekin aritu badira ere, Binakako honetan mistora jauzia ematera animatu dira eta emaitza ezin hobea izan da, finalerako bidea osatu dute eta. Olatz Arrizabalaga gernikarrak azaldu duenez, «eskuak eta ondo dauzkagu, nik uste gatzena lehen pauso hori ematea dela, behin ohituta, eta ondo egiten baduzu, azkenean jokatu daiteke. Ez da pilota oso oso exigentea, berea behar du, baina ondo moldatuz gero, ez dago arazorik».

Parean bi pilotari gazte, Leire Garai eta Olatz Ruiz de Larramendi, Maiteren iloba, izanen dituzte parean. Bi pilotari hauek ohituagoak daude pilota gogorragoarekin jokatzen eta euren kolpe biziari etekina ateratzen saiatuko dira.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun