Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa larunbatean abiatuko da Leaburun

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 24a, 12:00
Jon Rekondok finalerdietarako txartela izanen du jokoan larunbatean Leaburun.

Jon Rekondo eta Iñaki Azurmendiren arteko lehia irabazten duenak Iker Vicente izanen du esperoan finalerdietan

Ekainaren 27an abiatuko da XXIII. Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa. Larunbatean 11:00etan jokatuko da lehenbiziko jardunaldia Leaburun (Gipuzkoa) eta Jon Rekondo leitzarra eta Arraiarango Iñaki Azurmendi ariko dira nor baino nor gehiago. Irabazleak Iver Vicente izanen du esperoan finalaurrekoan. Hiru hamarreko harri-jasotze txapelketan Urdax Magunazelaia eta Mikel Lopetegi ‘Urra’ izanen dira aurrez aurre eta emakumezkoen harri-jasotze txapelketaren baitan, Udane Ostolaza gazte oriotarra aruko da 50 kiloko harriekin.

Dauden osasun arazoak direla eta, ekainean, uztailean eta abuztuan eginen dute aurtengo edizioa eta bederatzi aizkolarik hartuko dute parte: Iker Vicente, Mikel Larrañaga, Julen Alberdi Txikia IV.a, Jon Rekondo, Ugaitz Mugertza II.a, Eneko Otaño, Ruben Saralegi, Iñaki Azurmendi eta Jexux Mari Mujika.

Final-laurdenetan, finalerdietan eta finalean jokatuko da. Finalerdietako fasean, 2019ko XXII. edizioko lehen hiru sailkatuak sartuko dira zuzenean. Hauek dira: Iker Vicente, Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a, final-laurdenetako irabazleen aurka lehiatuko direnak, zozketaren aurreko hurrenkerari jarraituz.

Honela, ekainaren 27an Jon Rekondo leitzarra eta Iñaki Azurmendi ariko dira aurrez aurre nor baino nor gehiago eta irabazleak Iker Vicente izanen du aurkari finalerdian. Uztailaren 4an, Ruben Saralegi eta Ugaitz Mugertza II.a lehiatuko dira eta irabazleak Txikia IV.a izanen du esperoan finalerdian. Uztailaren 11n, Eneko Otaño Jesus Mujikaren kontra ariko da eta irabazleak Mikel Larrañagaren kontra jokatuko du finalerdian.

Finalerdietako hiru irabazleek finala jokatuko dute abuztuaren 1 edo 2an.

Gizonezkoeak eta emakumeak harri-jasotzen

Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketaz gain, gizonezkoek Hiru Hamarreko harri-jasotze txapelketa eta emakumezkoen harri-jasotze txapelketa ere jokatuko dituzte, baina ez da eskualdeko kirolaririk ariko. Gizonezkoetan, Xabier Peña, Mikel Lopetegi Urra, Imanol Albizu Goikoetxe, Beñat Telleria, Inhar Urruzuno eta Urdax Magunazelaia ariko dira eta emakumezkoetan, Virginia Finol eta Karmele Gisasola 63 kiloko harriekin eta Udane Ostolaza 50 kilokoekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun