COVID-19: Elkarrizketak

«Koronabirusaren eraginez ez dugu haurdunaldian ohikoak diren gauza batzuk bizitzeko aukera izan»

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 19a, 12:00

Uztailerako espero dute ttikia Amaia Sagastibeltza leitzarrak eta bere bikoteak.

Ziztu bizian doan bihotz taupada, pixkanaka hazten doan sabela, barrenari buelta ematen dioten ostikoak… aurrenekoz bizi dituzte Amaia Sagastibeltzak (1983, Leitza) eta bere bikoteak. Uztailerako espero dute ttikia eta bizipen horiek behintzat ez dizkie lapurtu Covid-19ak. Hasierako kezkak gainditu eta eskura dituzten babes neurri guztiak hartuta bada ere, ahalik eta goxoen bizi dute haurdunaldiko azken txanpa.

Gehienez ere bost aste falta zaizkie egun berezirako; beraien haurra beso artean hartzeko. Bederatzi hilabeteko bidaian, ordea, espero ez zuten gonbidatua izan dute. 23-24 asteko zegoen Alarma Egoera indarrean jarri zenean eta horren eraginez, hainbat aldaketa izan dituzte haurdunaldiko errutinetan: aurrez aurreko kontsultak murriztea, bikoteak kontsultara sartzeko aukerarik ez izatea, erditzerako aurrez aurreko prestakuntza saiorik ez jasotzea… Zuzenean gaixotasuna sufritu beharra izan ez badute ere, izan dituzte albo-kalteak.

Informazio eta arreta gehigarrik ez
Haurdun zeuden emakumeak arrisku taldeko kidetzat jo zituen Espainiako Osasun Ministerioak Alarma Egoera indarrean jarri zenean. Neurri horrekin, lasaitu ordez, areagotu egin ziren askoren kezka eta beldurrak. Argi dio Amaiak, «ez nuen, inondik ere, gomendio edo arreta berezirik jaso». Informazio gehigarririk ere ez eta horregatik, bere kabuz egin zuen ikerketa lana: «osasun-langilea naiz eta ahal izan dudan neurrian informazio-iturri ofizialak, ospitaleko protokoloak eta ikerketa desberdinak irakurtzen aritu naiz. Hainbeste informazio eskura izanda ere, ez da erraza izan ezer argirik ateratzea kontraesan ugarirekin topo egin dudalako».

Pediatra da lanbidez Amaia eta kutsatzeko arriskua handiagoa izanik, nahiko goiz eman zioten baja: «gaixo posibleekin lanean ari nintzen bitartean, haurdunaldian zenbaterainoko eragina izan zezakeen ez genekienez beldur eta kezka asko izan nituen. Ondoren, etxean geratuta eta haurdunaldian ez zuela bereziki arazo gehiago sortzen ikusirik erlaxatzen joan naiz». Zorrotz bete du konfinamendua Amaia, baina bikoteak lanera joan behar izan du: «eta etxera itzultzean garbitasun neurri guztiak hartu arren, arriskua hor dago».

«Hasieran beldur eta kezka asko izan genituen, egoera berria izanik ezjakintasun handia genuelako»

Konfinamenduan «uste baino hobeto»
Konfinamenduaz galdetuta, emozionalki «uste baino hobeto» eraman duela azaldu digu: «hasieran beldur eta kezka askorekin, egoera berria izanik ezjakintasun handia genuelako. Baina, krisi egoera berezia zela ulertu eta zeuden arriskuen jakitun izanik animoz hartu nuen». Dena den, aitortu du asteak aurrera joan ahala «geroz eta gogorragoa» izan dela etxean sartuta egotea, «bukaeran animo tristeagoa eta kalera ateratzeko behar handia sentitu ditut». Fisikoki ere «nahiko ongi eraman dut eta ondoriorik ez dut izan». Mugimendua oinarrizkoa dela diote haurdun dauden emakumeentzat eta hori betetzeko azaldu digu: «etxean, luzaketak, yoga eta pilates eginez gorputza ahalik eta malguen edukitzen» saiatu dela.

Neurriak arindu ahala hasi da pixkanaka kalera ateratzen: «jendea pilatu daitekeen leku itxietara, komertzioetara, tabernetara... ahalik eta gutxien joaten saiatu naiz eta beti babes-neurriak hartuta baina, herri txiki batean bizitzeak dituen abantailak direla eta, kalera, mendira, paseora... hasierako momentutik atera naiz». Tentuz ari da jokatzen: «momentuz herrian baino ez naiz ibili, jendearekin kontaktuan banago musukoa eta ahalik eta distantzia gehien mantenduz eta zorionez gure inguruan kasu gutxi egon direnez lasai. Dena den, oraindik ere leku itxietara edo hirira joatea ahal dudan neurrian saihesten dut».

«Lehenengo ekografiara bikoteak ere joateko modua izan zuen, baina ondorengoetara ez eta pena handiz bizi dugu»

Izaten dira, ordea, ezinbestean egin beharreko joan-etorriak. Haurdun dauden emakumeek maiz joan behar izaten dute Osasun Etxera kontrol saioetara eta horietan ere nabaritu dute COVID-19aren eragina: ginekologoaren kontsultak mantendu dizkidate, baina, emaginarekin ohi baino kontrol gutxiago izan ditugu eta batzuk telefono bidez izan dira». Gogorrena kontsultetara bakarrik joan beharra izan dela azpimarratu du: «lehenengo ekografiara bikoteak ere joateko modua izan zuen, baina, ondorengoetara ez eta egia esan, nahiz eta egoera berezia dela jakin eta ahalik eta jende gutxien kutsatzeko beharrezkoak diren neurriak direla ulertu, pena handiz bizi izan dugu». Erditzerako prestakuntza saioak egiteko aukerarik ere ez dute izan: «aurrez aurreko ikastaroak bertan behera geratu ziren eta bidez ikusi ahal izateko ikastaro batzuen helbide batzuk eman zizkigun emaginak». Interneten milaka ikastaro egonagatik, «lehenengo haurdunaldia izanik aurrez aurreko prestakuntza faltan bota dugu».

«Erditzerakon bikotea ondoan egon daiteke prozesu guztian zehar eta haurra ere gurekin eduki ahal izanen dugunez, lasai gaude»

Erditzeko momentua ere kezka iturri izaten da askotan eta hasieran kezkatuta egon baziren ere, orain lasaixeago daude: «pandemia hasieran kezka gehiago genituen ez zegoelako garbi amarengan edo haurrarengan zer arrisku eragin zezakeen, oso maiz protokoloak aldatzen ari zirelako, infekzio kasu asko zeudelako... Baina, gaur egun, kasu gutxiago daudenez, ospitaletan jakintza gehiago dutenez, protokoloak garbiago daudenez… lasai gaude». Badakite ospitalera sartzean protokolo berezi bat segi beharko dutela: «ospitalera sartu orduko birusaz kutsatuta gauden edo ez jakiteko PCR froga eginen digute eta musukoa jarri beharko dugu, baina, bikotea ondoan egon daiteke prozesu guztian zehar eta haurra ere gurekin eduki ahal izanen dugunez, lasai gaude». Eta ondorenerako ere, ilusioa da nagusi: «orain arteko babes-neurriekin jarraituko dugu, baina ez dugu beldurrik».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun