COVID-19: Elkarrizketak

«Gogorrena bakardadea izan da»

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 27a, 12:00

Inaxi Zabala aranoarrak 70 urte ditu.

Inaxi ZABALA ALMANDOZ, bakarrik bizi den 70 urteko aranoarra.

Konfinamendu garaian «bakardadea» izan da gogorrena Inaxi Zabala Almandozentzat (Arano, 1950). Senarra orain dela zazpi urte hil zitzaion eta ordutik bakarrik bizi da, «bi alabak ere kanpoan bizi dira beren familiekin». 

Koronabirusa ailegatu zen arte, «etxeko lanak eta paseoak» egiten zituen egunero. Horrekin batera, «ostegunetan alaba gazteenaren etxera joaten nintzen Ergobira (Gipuzkoa), ferian bueltatxo bat eginez, bilobak ikusiz... Eta astebururako berriz etxeratzen nintzen. Astean behin jubilotekara joaten nintzen herrira eta yogara ere bai, Maisueneara biak».

Etxean gelditzeko aginduarekin, ordea, hankaz gora gelditu zitzaizkion orduko harat-honatak: «Aranon, paseatzea ez da hain zaila, oso aparte bizi gara eta. Paseatzera ateratzen nintzen baina bi hilabete pasatxo egin ditut ia etxetik atera gabe». Tarte horretan «inor ezin ikusi izatea» ez da erraza izan Zabalarentzat: «ardien aitzakian eta enkargu batzuk ekarriz, koinatua eta koinata ikusten nituen, koinatua ia egunero.  Eta alaba, hamabostean behin, enkargu handienak ekartzen zizkidanean». Baina «beste inor ez», dio: «koinataren mugikorrean asteburuetan biloben argazkiak ikusten nituen eta hark asko alegeratzen zidan eguna», aitortu digu.

«Bisita askorik ezin izan nuen jaso Gipuzkoako muga ireki arte»

Hasierako bakardadea gaindituta, paseoak auzokoekin egiten hasia da: «hasieran ez nintzen inorekin elkartzen paseatzeko, baina orain berriz auzokoak eguneroko paseora  joateko elkartzen hasi gara». Tarte horretan, «Hernanira ilobaren ile-apaindegira eskapadatxo bat» egin zuela ere onartu digu  eta «jubilotekako lanak etxetik egiten» ari dela ere bai. Baina gainerakoan, «berdintsu», jarraitu zuen Gipuzkoako muga ireki arte: «bisita askorik ezin izan nuen jaso Gipuzkoako muga ireki arte, baina bakarren bat jaso nuela aitortuko dut».  Gainerakoan, «gaitzaren beldurrik ez» duela dio, nahiz eta hasieran «izua» sentitu zuen. Hala ere, honela dio: «errespetua hartu beharko diogu, noski!». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun