Eluseder industrialdean egin nahi duten konpost-plantari buruzko herri galdeketa izanen dute igandean aresoarrek

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 18a, 07:00

Aresoko Eluseder industrialdean konposta egiteko planta eraikitzeko lur saila eskatu zion mankomunitateak udalari.

Mendialdea Mankomunitateak konposta egiteko Eluseder industrialdeko lur zati bat eskatu dio Aresoko Udalari. Baimena eman edo ez erabakitzerakoan udal taldeak zalantzak dituenez, herritarren iritzia jaso nahi izan dute. Ekainaren 21ean, igandean, hamasei urtetik gorako herritarrek  bozka emateko aukera izanen dute udaletxean 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Zalantzak argitzeko, ekainaren 17an, batzar informatiboa eginen dute 18:00etan udaletxean. 

2018an jaso zuen Aresoko Udalak Mendialdea Mankomunitatearen eskutik eskaintza: «konposta egiteko planta bat sortzeko asmoa dute eta lur zati bat eskatuz etorri ziren». Bi urte pasa dira, udal taldea aldatu da eta eskaintzarekin aurrera edo atzera egiteko unea iritsi denean, egungo ordezkariei hainbat zalantza sorrarazten dizkie gaiak. Gisako proiektu bat gertutik ezagutzeko asmoz, Irunberriko konpost-planta ikustera ere joan ziren udaleko hainbat ordezkari: «baina bisita honek ez zizkigun zalantzak argitu». Hala azaldu dute etxez etxea banatu duten gutunean: «ez dakigu konpost-planta batek inguruan zein eragin izan ditzakeen usain eta itxura aldetik, kaltegarria izan ote daitekeen ondoan dauden enpresentzat edo aurrerantzean lur zati bat saltzerako orduan». Izan ere, konpost-planta industrialarean erdialdean egongo litzateke, «beste enpresengandik oso gertu». Industrialdean bertan baina beste eremu batean egitea ere eskaini diote mankomunitateari: «traba asko ikusten dizkiote, nahiz eta ezinezkoa ez izan».

Konpost-plantaren erabilerak ere zalantzak sorrarazten dizkie, herritarren hondakinak ez lirateke bertara eramango, «hasiera batean, sortzaile handiek soilik eramango lukete plantara konposta. Etxeetakoek auzo konpostarekin jarraituko lukete».

Diru sarrera

Eluseder industrialdeko lur sail bati irteera eman eta diru sarrera bat lortzeko bidea izan daiteke, ordea, Mendialdea Mankomunitateak egindako eskaintza. Bere garaian industrialdea eraikitzeaz arduratu zen enpresak ezin izan zituen lanak bukatu arazo ekonomikoengatik eta bertan inbertitutako diruaren zorraren zati bat udalak hartu zuen bere gain: «horri aurre egin nahian gabiltza azken urteetan».

Balantzan alde batera edo bestera egiteko, herritarrek nahi dutena kontuan hartu nahi dute: «konpost-planta egitea nahi duten, BAI edo EZ esan beharko dute herritarrek». Udalera gerturatu eta iritzia ematera animatu dituzte hamasei urtetik gorako herritar guztiak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun