COVID-19: Elkarrizketak

«Egoerak errespetua ematen dit»

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 26a, 08:00

Pakita Goizueta goizuetarrak konfinamendu betean egin ditu 80 urte.

Pakita GOIZUETA ONDARROLA, bakarrik bizi den 80 urteko goizuetarra.

«Martxoan konfinamenduan sartu ginenetik apirilaren 28ra arte etxetik atera gabe egon nintzen». Ongi gordeak ditu datak Pakita Goizueta Ondarrolak (Goizueta, 1940). Tarte horretan, goizeko paseorik eta arratsaldeko lagunarteko solasaldirik gabe gelditu zelako, baita Gipuzkoan duen semearen familiaren edo herrian dituen biloben bisitarik jaso gabe ere.

Hori aski ez, eta urtebetetzeko ospakizunik gabe ere gelditu zen goizuetarra: «apirilean 80 urte egin nituen eta ez nuen ospatzerik izan».

Azaldu digunez, «koronabirusa ailegatu aurretik goizean nire lanak egin eta bazkaria jarri ondotik, paseora ateratzen nintzen. Handik bueltan pixka bat deskantsatu eta bazkaldutakoan, arratsaldean, berriz paseora ateratzen nintzen eta lagun batzuk juntatu eta kontu-kontari aritzen ginen. Egunero egiten nuen hori eta itxialdiarekin dena utzi behar izan nuen».

«Hasiera nahiko gogorra egin zitzaidan baina gero ohitu nintzen»

Hasieran «nahiko gogorra» egin zitzaiola onartu digu, baina gero «ohitu nintzen. Eguerdian eta arratsean Goizuetan bizi den semea etortzen zitzaidan eta harekin kontu-kontari aritzen nintzen, baina bilobak ikusi gabe. Erosketak, berriz, semearen andreak egiten zizkidan. Nik behar nuena paperean idatzi eta bera arduratzen zen». Fisikoki ere nabaritu zuen ondorioa, «hanka bat indarrik gabe gelditua dut eta asko gogortu naizela sumatu dut». Hori saihesteko «eskaileratan gora eta behera» ibiltzen hasi omen zen.

Apirilaren 28an lehen aldiz etxetik atera zenean hartu zuen arnas pixka bat: «bankura joan beharra nintzen eta enkarguak egiteko aprobetxatu nuen». Herrian dituen 9 eta 6 urteko bilobak ere orduan ikusi zituen: «kanpora ateratzeko baimena eman zutenean semeak etxera ekarri zizkidan. Banuen gogoa», gaineratu du, baita «Usurbilen bizi den semearen familia ikusteko gogoa» ere.

Eta geroztik martxa horri heldu dio: «egunero nire paseoak egitera joaten naiz, eta astean behin edo bitan enkarguak egitera ateratzen naiz». Gainerakoan,egoerak «errespetua» ematen diola kontatu digu, eta horregatik «esaten dutena egiten dut eta dendara edo bankura joan behar badut maskararekin joaten naiz».

Bere hitzetan, «Goizuetan jendea nahiko ongi dago» eta «bi semeak lanean» izateak lasaitu egiten du. «Baina kezka sortzen didate lanik gabe geldituko direnek eta jatekorik ez dutenek».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun