Uda osorako toldoa jarriko dute larunbatean Goizuetan, ikastolan

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 16a, 09:00
Larunbatean muntatuko dute eta uda osoan hortxe utziko dute, Umore Ona elkarteko terraza gisa erabiltzeko edo bestelako ekintzak egiteko.

Larunbatean, ekainaren 20an, paratuko dute eta uda osoan jarrita egonen da.

Udari aterabidea emateko eta, jende pilaketak saihestuz, ongi pasatzeko aukera bermatzeko neurriak hartzen ari dira Goizuetan.

Udalak, Umore Ona elkarteak, gurasoek, gazteek, Etxerat-ek... ekainaren 4an egindako proposamena kontuan hartuz, ikastolako toldoa jartzea erabaki dute. Orain artean festetarako jartzen zuten arren, aurten, heldu den larunbatean, ekainaren 20an, paratu eta uda osorako uztea erabaki dute.

Toldoa Umore Ona elkarteko terraza gisa erabiliko da. Izan ere, muntaketa-lanak akitu ondotik irekiko da elkartea. Dena den, bestelako erabilerak ere izanen ditu: udan eginen diren ekintzetarako edo euria egiten duenean aterpe gisa erabiltzeko aukera izanen da.

Ekainaren 20an, 08:30ean auzolanean muntatuko dute eta herritarrei parte hartzeko gonbidapena luzatu diete, «denen artean lan samurragoa izanen baita».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun