COVID-19: Elkarrizketak

«Gogorra da lan bila etorri eta horretarako aukerarik ez izatea»

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 13a, 08:30

Keyline GUTIERREZ ZELAIA, Leitzan bizi den nikaraguarra.

Konfinamendu atarian, martxoaren 6an, ailegatu zen Keyline Gutierrez Zelaia 28 urteko nikaraguarra Leitzara, «9 urteko alaba gogoan, lana bilatu eta hura eta familia mantendu ahal izateko bizimodu hobearen bila». Egoerak, ordea, ez dio askorik lagundu, eta horregatik dio «osasun aldetik ongi, baina lan aldetik gaizki» dabilela: «etorri nintzenean lana berehala harrapatuko nuela uste nuen, baina pandemiarekin ezin izan dut, eta oso gogorra da horrela egotea». Bere hitzetan, «lan kontuetan, krisi honen ondorioak are okerragoak dira etorkinontzat».

Lagun batengan eta gizarte zerbitzuetan bilatu du babesa: «lana topatu arte lagunak bere pisuan gelditzen utzi dit eta gizarte zerbitzuetan lan kontuekin laguntzen ari dira eta janari bonoa ere eman didate». Une zaila tokatu zaio, baina ez du etsi nahi. Hala, alabaren «falta handia» sumatu arren,  «hemen segitu» nahi du, aitortu digunez, «lana harrapatzeko itxaropena ez dudalako galdua». Eta argi du «oraingoz, egoera halakoxea izanda, nahiago dudala alaba ez ekarri. Denborarekin ikusiko dugu, baina orain Nikaraguan nire familiarekin hobeki dago».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun