Amazabalgo jangela zerbitzuko dirulaguntza mantentzeko eskatuz Parlamentura joko dute Leitzaldeko eta Larraungo alkateek

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 12a, 13:30
Leitzako alkateak azaldu du zein den gaur egungo egoera.

Apirilean izan zuten Amazabalgo gurasoek egoeraren berri. Orduan  jakinarazi zien ikastetxeak Nafarroako Hezkuntza Departamentuak heldu den ikasturtean ez duela Amazabalgo DBHko ikasleen jantoki zerbitzua diruz lagunduko eta DBHko eta Batxilergoko ikasleei ordutegi berbera jarri nahi dietela. Jantoki zerbitzuko dirulaguntza defendatu beharra zutela ikusita, Amazabal erreferentzia zentrotzat duten herrietako udal ordezkariek harreman sorta bat hastea erabaki zuten. Hamaika ate jo eta guztiak itxi dizkietela salatu du Mikel Zabaleta Leitzako alkateak eta argitu du: «orain, gelditzen zaigun bide bakarra Parlamentura jotzea da».

Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren asmoen berri jakin orduko, haiekin biltzeko eskaera egin zieten Leitzaldeko eta Larraungo alkateek. Jasotako erantzuna, ordea, ez zen espero zutena izan: «hasieratik esan ziguten erabakia hartua zegoela, gu entzuteko prest zegoela, baina ez zuela deus aldatuko». Mikel Zabaletak azaldu duenez eskola kontseiluak ere urtebeteko atzerapena eskatu zuen gaiari behar bezala heldu ahal izateko «eta eskaera horri ere ez zioten erantzunik eman». Hala esan zieten gaiari buruz galdetutakoan: «erantzunik ez jasotzea, erantzun bat ematea da». Jarrera horren aurrean Parlamentura jotzea erabaki dute, «hortik presioa egiteko. Murrizketa hau ez gauzatzea lortzeko edo gutxienez luzapen bat izateko, gauzak behar bezala aztertu ahal izateko».

«Jakitea nahi dugu zer dagoen jokoan eta guk zein bide landu ditugun. Gure esku dagoen guztia egiten ari gara»

Mikel ZABALETA
Leitzako alkatea

Eskura zituzten bide guztiak jorratu dituztela ere azaldu du Zabaletak: «Arartekoarekin bildu gara, Despopulazio Zuzendaritzara jo dugu, kontseilariekin egon gara, gurasoei karta bat bidali genien egoera azaltzeko eta prentsan ere hitz egin dugu gaiaz». Pauso horiek emanda, espero zuten erantzunik jaso ez dutenez: «orain gelditzen zaigun bide bakarra Parlamentura jotzea da eta hori da orain abiatuko dugun bidea». Herritarrak informatuta egotea ere funtsezkoa iruditzen zaie: «jakitea nahi dugu zer dagoen jokoan eta guk zein bide landu ditugun. Gure esku dagoen guztia egiten ari gara».

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun