Francia Sandoval

«Bizitzan ditugun helburuak lortzeko sakrifizioak egin behar dira»

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 12a, 08:00

Francia Elena SANDOVAL ACOSTAS, Costa Ricatik Goizuetara etorritakoa

Sortzez nikaraguarra da 38 urte dituen Francia Elena Sandoval Acostas, baina Costa Rican bizi zen, senarrarekin eta 19, 13 eta 7 urteko seme-alabekin, duela urte bat Goizuetara etorri zen arte. «Goizuetan eta Ezkurran ditudan ahizpen arrimuan» egin zuen bidaia, lana harrapatu eta «familiari laguntzeko» helburuarekin.

Halaxe hasi zen: «adineko bat zaintzen aritu nintzen, baina otsailean hil egin zen». Hortik aurrera, «Covid-19ak oztopoak» baino ez dizkio sortu, «dena itxita eta denak etxean zailagoa izan da lana bilatzea».

«Lanik gabe egon naiz eta egoera konplikatua izan da niretzat. Ahizpen babes handiari esker egin dut aurrera»

Otsailaz geroztik lanik gabe egon da eta onartu digunez, «egoera konplikatua izan da niretzat. Ahizpen babes handiari esker egin dut aurrera. Jatekoa ahizpek eman didate eta gizarte zerbitzuetatik elikagien bonua ere jaso dut». Maiatzaren 25ean, ordea, itxaropen izpi bat piztu zitzaion: «orduka lan batzuk egiteko deitu zidaten eta oso-oso pozik nago».

Gainerakoan, «gogorra eta zaila» egiten zaio familiarengandik urruti egotea, eta «herrimina» sentitzen duela aitortu digu, baina argi du zein helbururekin etorri zen eta horri eutsi nahi dio: «familiarengatik lanera etorri nintzen, gure laguntzaren beharrean daudelako, eta bizitzan ditugun helburuak lortzeko sakrifizioak egin behar dira». Hemendik bidaltzen duen laguntza «familiarentzat oso garrantzitsua» dela nabarmendu digu eta horretarako gakoa «gogotik lan egitea» da bere ustez: «beti aurrera begiratu behar da, esfortzuarekin norbere burua hobetu, dena gure familiei laguntzeko». Lana egiteko gogoa izatea, ordea, ez da aski, eta horregatik eskatu du «etorkinentzako lanerako aukerak eta babesa».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun